Bilboko Portuaren bost presidentek bere esperientziak eta gogoetak partekatu dituzte gaur goizean, Bilboko Portuko Ontzien Kontsignatarioen eta Zamaketarien Elkarteak (ACBE) antolatutako eta Bilboko Portuko Agintaritzak (BPA) babestutako mahai-inguruan. Parte-hartzaileak azken ia berrogei urteotan portuko bilakaeraren eta garapenaren protagonista izan dira: Pedro Ruiz de Alegria (1988-1989), José Ángel Corres (1996-2009), José Ramón de La Fuente (2009-2013), Asier Atutxa (2013-2018) eta Ricardo Barkala (2018tik gaur arte). Moderatzaile lanetan aritu zen Iñaki Garcinuño, Grupo Gráfico Garcinuñoren presidentea, CEBEKen presidente ohia eta BPAren kontseilaria zortzi urtez.
ACBEren presidentea Virginia Navarrok nabarmendu zuen ekitaldiaren aurkezpenean “urte osoan zehar elkartearen mendeurrena ospatzeko aurreikusitakoen lehena”, pozik zegoela “kate logistikoko maila guztiak ordezkatuta ikusteagatik: operadoreak, enpresa laguntzaileak, erakundeak, sindikatuak, segurtasun-indarrak eta komunikabideak”. “Zuen presentzia – gaineratu zuen – gure jardueraren zeharkakotasunaren adierazpiderik adierazgarriena da. Denok parte hartzen dugu, denok gara beharrezkoak, denok egiten dugu lan eta denok laguntzen dugu Euskadiko motor handi hau, Bilboko Portua, garatzen”.
Mahai-inguruan, presidenteek gai hauek landu zituzten, besteak beste: portua Kanpoko Abrarantz zabaltzea eta Bilboren hirigintza-
birsorkuntzarekin eta metropoli-eremuarekin duen lotura estua; itsasertzeko udalerrietan izan duen eragina; portuko arduradunek eta portuko gainerako komunitateek izan dituzten esparru juridiko eta instituzionalak; bere hinterland-erako izan duen eragin ekonomiko eta soziala, eta kontsignazioaren eta zamaketaren bilakaera, baita bere enpresa operatzaileena ere.