Excavaciones Viuda de Sainz eta Comsa enpresek osatzen duten ABEEari esleitu dizkio Bilboko Portuko Agintaritzak barruko bi tren-sarbide eraikitzeko lanak. Haietako bat Noatum Container Terminal Bilbaok kudeatzen duen edukiontzien terminalean egingo da (A1 kaian dago), eta, bestea, Biltegiratze eta Banaketa Eremuan (ZAD3; A2 kaian dago). Esleipenaren zenbateko osoa 1,7 milioi euro da, eta gauzatzeko epea, bederatzi hilabete.
Bi obren helburua da gaur egun Bilboko Portuan dauden barruko bi sarbide optimizatzea, saihesbideak edo trenak ibiltzeko
ordezko bideak jarriz, hala bermatzeko inguruko enpresek zerbitzua ematen jarraituko dutela matxuraren bat bada edo kontserbazio-lanak egin behar badira.
Azken urteotan, edukiontzi gehiago garraiatzen dira trenbidez Bizkaian: 2012an, % 13, eta, 2014an, berriz, % 18. Horrek eta edukiontzitan garraiatzen den trafikoaren hazkunde orokorrak “beharrezko egiten dute barruko tren-zirkulazioa bermatzea, zerbitzu-ziurtasuna emanez eta konboi-zirkulazioaren aukerak hobetuz”, azaldu dute Bilboko Portuko Agintaritzatik.
Portuko Agintaritzaren plan estrategikoan sartzen dira sarbideak hobetzea eta portuaren eta penintsulako hainbat punturen arteko asteko zerbitzuak gehitzea. Planaren helburua da trenbidez sartzen eta ateratzen den trafikoa haztea eta, hala, portuaren lur-eremuko eragina handitzea.
Gaur egun, zamaketariek dituzten tren-zerbitzu intermodalek leku hauekin lotzen dute Bilboko Portua: Gasteiz, Burgos, Madril, Guadalajara, Sevilla, Zaragoza, Nafarroa, Bartzelona, Castelló, Valentzia eta Murtzia. Azken hori —zeina Nonduermasetik ateratzen baita— hozkailu-tren bat da, eta, oraingoz, astean bi bidaia egiten ditu.