Bilboko Portuak bat egin du Basque Ecodesign Center-ekin (BEdC), Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko konpainia handien arteko lankidetza publiko-pribatuko aliantzarekin, ezagutza aurreratua sortzeko, ezagutza hori lurraldeko gainerako enpresa-sarera transferitzeko eta balio-katea ekonomia zirkularrago batera bultzatzeko.
Basque Ecodesign Center ekimen egonkorra da, 2011n sortua, eta hogei euskal enpresa handi ditu dagoeneko, Ihoberen eta SPRIren laguntzarekin. 2024an, sei gai-taldetan egin dute lan: klima-arrisku fisikoak, ekonomia zirkular baterako trantsizio-arriskuak, finantza jasangarrietarako taxonomia, ekonomia zirkularreko alderdien ebaluazioa (adibidez, konpongarritasuna, birziklagarritasuna edo jasangarritasuna), ingurumen-informazioaren sistematizazioa eta mugan doitzeko mekanismoa. Lantalde horien helburua da Euskadiko enpresa-sareak erabil ditzakeen tresnak garatzea eta gidatzea.
Bestalde, hainbat tresna garatzeko aukera eman du, besteak beste, Climate & Circularity Calculator doako tresna informatikoa. Tresna horrek modu sinplifikatuan ebaluatzen du erakundeen, produktuen eta zerbitzuen ingurumen-jarduera, bizi-zikloaren ikuspegi integralarekin. Tresnaren datu-baseak 250 ingurumen-alderdi baino gehiago ditu, Euskadiren testuingurura egokituak, eta datu-base hori handituz joango da pixkanaka. Une honetan, tresna erabiltzen duten 351 euskal erakunde daude erregistratuta. Trantsizio Energetikoko eta Klima Aldaketako Ekimenen Euskal Erregistroaren karbono-aztarna kalkulatzeko tresna nagusia izango da tresna hori.
Basque Ecodesign Center-en sortutako ezagutza erabiliz, sei gida tekniko ere egin dira enpresentzat interesgarriak diren gaiei buruz, hala nola ingurumen-metrikak eta haien integrazioa, zerbitizazioa, ekodiseinu zirkularra eta erakundeek erabili behar dituzten edo erabil ditzaketen gardentasun-mekanismoak.
Beste jarduera-ildo bat da enpresek behar dituzten gaitasun zirkularrak dituzten profesional gazteen prestakuntza. 2024an, BEdCren lehentasunei zuzendutako lau prestakuntza-programa egin dira 59 gazte trebaturekin, eta horietatik 21ek praktikak egin dituzte BEdCn bertan. Era berean, martxan jarri da lanean ari diren profesionalentzako prestakuntza-programa bat, Confebaskekin eta haien lurralde-ordezkaritzekin lankidetzan, klima-ingurumen trantsiziorako sortzen ari diren palankei buruzkoa. 2024ko urtarrila eta urria bitartean 36 ikastaro presentzial eman dira, 695 profesional trebatuekin.