Bilboko Portuak presentzia nabarmena izango du aurten ere Fruit Logístican. Berlinen egingo da azoka hori, otsailaren 3tik 5era. Europako iparraldera eta Iberiar penintsulara frutak eta barazkiak banatzeko ondoen konektatutako Atlantikoko portu gisa aurkeztuko du bere burua Bilbok. 2015ean, trafiko hori 169.528 tonakoa izan zen. Nabarmentzekoak izan ziren barazki izoztuak eta tipula-, baratxuri-, porru-, patata- eta zitriko-sorta.
Bilboko Portuko Agintaritzaren standean Mercabilbaoko handizkariek ere hartuko dute parte. Iberiar penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketarako zentro handiena da Mercabilbao.
Bilbok kontainerretarako lo-lo zerbitzuak eta kontainerretarako eta merkantziak eramateko kamioietarako ro-ro zerbitzuak ditu. Itsaso bidezko konexioak osatzeko, izapideak azkar egiten dira, eta tren-zerbitzu intermodalak ematen. Nabarmentzekoa da Murtziarako tren-zerbitzua, Nonduermasen irteera duena. Iaz, kontainer hoztaileen kopurua % 23 handitu zen.
Hego Ameriketatik eta Afrikatik datozen frutak eta barazkiak sartzeko, muga-ikuskaritzako postu (MIP) bat du toki horrek. Horrez gain, beste instalazio batzuen artean, produktu galkorrentzako terminal bat du, 25.000 metro kubikokoa (5.000 tona produkturen baliokidea).