Bilboko Portuak fruta eta barazkien zirkulaziorako zer abantaila lehiakor ematen dituen azalduko du aurten ere Fruit Logístican, Berlinen, otsailaren 8tik 10era bitartean. Abantaila horien artean daude, batez ere, itsas zerbitzuen ugaritasuna. Europarekin soilik, kontainerrentzako hamabost zerbitzu zuzen ditu eta errepideko zirkulaziorako hiru zerbitzu, kontainerrentzako eta merkantziak daramatzaten kamioientzako.
Kontainerretan garraiatzen diren salgaien helmuga nagusiak Erresuma Batua, Herbehereak, Irlandako Errepublika, Norvegia, Polonia eta Suedia dira. Europatik kanpo, berriz, hauek dira nabarmentzekoak: Kuba, India, Peru, Angola, Thailandia eta Argentina.
Itsaso bidezko konexioak osatzeko, izapideak azkar egiten dira, eta tren-zerbitzu intermodalek Bilborekin lotzen dituzte Gasteiz, Burgos, Madril, Guadalajara, Sevilla, Zaragoza, Bartzelona, Castelló, Valentzia eta Murtzia. Azken horrek hozkailu-trenen zerbitzu erregular bat du, Nonduermasetik abiatzen dena.
2016ko zirkulazioa 193.200 tona izan zen, aurreko ekitaldikoa baino % 17 handiagoa. Nabarmentzekoa izan zen fruitu eta barazki hauen zirkulazioa: patata (gorakada handiarekin), barazki izoztuak, tipula, baratxuria, porrua eta zitrikoak.
Herrialdeei dagokienez, nagusi dira Erresuma Baturako, Irlandarako, Suediarako, Kanadarako eta Norvegiarako esportazioak. Inportazioei dagokienez, berriz, nabarmentzekoak dira Erresuma Batutik, Perutik, Indiatik, Herbehereetatik, eta Txiletik egindakoak.
Produktu galkorretarako instalazioak
Bilboko Portuak Espainiako iparraldeko kontainer-terminalik garrantzitsuena du, eta, portu-sakonerarik handienekoa. Hozkailu-kontainerrentzako 485 hargune ditu, eta lau bideko tren-terminal bat, bakoitza 450 metrokoa, emakidaren barruan. Noatum Terminal Container Bilbao enpresak du emakida, eta bi proiektu martxan jartzear dago; bata, bideak zabaltzeko, zeinari esker 550 metroko trenak ere ibili ahalko baitira, eta bestea, ate automatikoak instalatzeko, zeinaren bidez kamioien zerbitzua bizkortuko baita.
Bestetik, produktu galkorrentzako terminal bat du portuak (Frioport), 25.000 metro kubikokoa (5.000 tona produkturen baliokidea). Hainbat biltegiratze-moduluri esker, tenperatura desberdinetan biltegiratu daitezke merkantziak: +12 eta -5 °C artean produktu fresko eta hoztuak eta -22 °C arte produktu izoztuak.
Gainera, biltegi pribatuak ditu, hala nola Progeco Bilbaorenak, zeinak 12 kai baititu —800 metro karratu inguru— cross-docking-erako (hau da, produktu galkorrak hozkailu-kamioiko tenperatura kontrolatutik kontainerrera pasatzeko). Iaz, 400 metro karratuko lantegi bat ere jarri zuen martxan Progecok, hozte-ekipoak konpontzeko lanetan espezializatua.
Hego Ameriketatik eta Afrikatik datozen frutak eta barazkiak sartzeko, muga-ikuskaritzako postu (MIP) bat du Bilboko Portuak, 16 deskarga-kaikoa.
Mercabilbaorekin lankidetzan
Azken urteotan, fruten eta barazkien sarrera-fluxua handitzeko apustu handia egin du Portuko Agintaritzak. Alor horretan, Mercabilbaorekin lankidetzan dihardu, sinergiak aprobetxatzen, karga-bidaltzaile berriak eta itsas linea berriak erakartzeko. Iberiar penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketarako zentro handiena da Mercabilbao. Iaz, 217 milioi kilo fruta eta barazki baino gehiago pasatu ziren Mercabilbaoren instalazioetatik.