Bilboko Portuko ordezkariak Munichera joango dira, aurten ere, Transport Logistic azokan parte hartzera. Maiatzaren 9tik 12ra bitartean izango da azoka. Nazioarteko azoka hori, Europako nagusia, bi urtez behin egiten da, eta 110 herrialdetako 52.000 lagunek baino gehiagok bisitatzen dute.
Bilboko Portua portu balioaniztun gisa aurkezten da azokan, esperientzia handia eta era guztietako kargetarako terminalak dituen portu gisa. Zenbait azpiegitura ditu, hala nola Iberiar penintsulako portu-sakonera handieneko kontainer-terminala, eta merkantzia galkorretarako eta izoztuetarako terminalak. Portu intermodal bat da, eta haren terminalek tren-konexioa dute. Trenbidez garraiatutako portu-trafikoa haziz doa urtez urte (+% 20, 2016an). Halaber, hub logistiko eta industrial bat da, eta munduko 800 porturi baino gehiagori konektatuta dago. Hainbat zerbitzu ditu, merkataritza elektronikoko plataforma ahaltsu bat, besteak beste.
Horrez gainera, kanpoko Abran lur berria sortzeko egiten ari diren obren berri emango du azokan. Kai berri hori eraikitzeko lehenengo faserako 79 milioi euro inbertituko dira. Europako Batzordeak esleipenaren % 20 jarriko du, Connecting Europe Facility (CEF) programaren esparrutik. Lehen fase horretan, 334.000 m2-ko azalera hartuko dio itsasoari; 1.081 metroko atrakatze-lerroa izango du, eta 21 metroko sakonera.
Kaia bukatzen denean, 600.000 m2-ko azalera izango du; haren erdia baino gehiago obra honekin lortuko da. Portutik kanpo, Pancorbon (Burgos) eta Arasurren (Araba) eraikitzen ari diren portu lehorrak erabiltzeko aukera ere emango die bere bezeroei. Lehenak 50 hektarea inguru ditu, eta dagoeneko badu tren-terminal bat, aurten jarriko dena martxan.
Aurreikuspenen arabera, 2017. urtea urte ona izango da Bilboko Portuarentzat, lehenengo hiruhilekoan merkantzia orokorrak hazkunde handia izan baitu (+% 8).
Portuko ordezkariak, Basque Country Logistics markarekin batera, B4 hallean egongo dira, 207 standean, eta berrikuntza horien guztien berri eta portuko enpresek karga-bidaltzaileei eta ontzi-enpresei eskaintzen dizkieten zerbitzuen berri emango dute.