Bilboko Portua, Basque Country Logistics markarekin eta haren eskaintzarekin batera, Bartzelonako urteroko logistika-hitzorduan izango da, Logistikaren eta Manutentzioaren Nazioarteko Erakusketan (SIL), ekainaren 6tik 8ra. Ekainaren 7an, asteazkena, azokan izango dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren ordezkaritza zabal bat —Arantxa Tapia sailburua buru dutela— eta Bilboko Portuko Agintaritzarena —Asier Atutxa presidentea buru dutela—, sektoreak duen rol garrantzitsuari babesa emateko, funtsezkoa baita enpresak nazioartekotzeko.
A-156 standean (8 pabiloia), hauek aurkeztuko dituzte, zehatz-mehatz: Euskadiren eta Bilboko Portuaren eskaintza multimodala, eta azpiegitura, portu lehor eta zerbitzuetako berrikuntzak.
Portu balioaniztuna den aldetik, trafiko-mota guztietarako terminalak nabarmenduko dira; besteak beste, kontainer-terminala. Iberiar penintsulako sakonena da, eta NoatumContainerTerminal-ek kudeatzen du. Enpresa inbertsio garrantzitsuak ari da egiten ekipamendu berria erosteko, eta ate automatiko berriak instalatzen eta kamioien zirkulaziorako sarbide berriak egiten ari da. Horiek uztailean egongo dira prest. Hurrengo urtearen hasieran, berriz, gaur egungo lau trenbideak zabalduko ditu, 450 metrotik 550 metrora.
Halaber, hauetako berrikuntzen berri ere emango dute; gainerako terminalak, zamaketa-enpresak (BergéMarítimasBilbao, ConsignacionesToro y Betolaza eta ServiciosLogísticosPortuarios) eta Pancorboko (Burgos) eta Arasurreko (Araba) portu lehorrak. Pancorboko portu lehorrak 50 hektarea inguru ditu, eta dagoeneko baditu 60.000 metro karratu inguruko eremu urbanizatu bat eta tren-terminal bat, 2017an jarriko dena martxan. Arasurren, berriz, tren-bazterbide bat eraikitzen ari dira, eta 2017an egongo da prest.
Iaz, % 20 tona gehiago sartu edo atera ziren trenez Bilboko Portutik, zenbait zonatara, Kataluniara, adibidez, egin ziren trenbide-zerbitzuen kopuru handiari esker, zeinak lehiakortasunean hobetzeko aukera ematen baitu.
Bestetik, Bilboko Portua energiaren eta industriaren alorreko eremu garrantzitsuenetako bat da (offshore eta onshore sektore eolikoari lotutako proiektu berri batzuk ditu martxan), eta, beste operadore batzuekin batera, epuertodebilbao plataforma telematikoa sustatzen ari da, non dagoeneko hamabi zerbitzu erabilgarri baitaude. 2016an, asko handitu zen plataforman prozesatutako enpresen, erabiltzaileen eta mezuen kopurua, eta dagoeneko 661 enpresak eta 1249 bezerok dute ziurtagiria. Berriki aplikazio mugikor bat garatu da, sarrerako aurreabisuak errazago bidaltzeko, hala, funtzionamendua bizkorragoa izan dadin.
Zirkulazio-estatistikei dagokienez, 2017ko urtarriletik apirilera bitartean % 1,4 handitu da tona-kopurua. Merkantzia orokor konbentzionala % 10 hazi da eta kontainerretan garraiatzen dena, berriz, % 1.