Azaroaren amaieran, Bruselan, e-Maritime konferentziako 250 parte-hartzaile baino gehiagoren aurrean aurkeztu zituen Bilboko Portuko Agintaritzak bere zerbitzu telematikoak, negozio-prozesuak sinpletzeko eta errazteko estrategiaren euskarritzat aurkeztu ere.
Europar Batasunak (EB) antolatua zen konferentzia, e-Maritime ekimena alderdi funtzional nahiz teknologikotik eztabaidatzeko eta analizatzeko xedez. Hizlari izan zen Txaber Goiri, Bilboko Portuko Agintaritzaren Lehiakortasuneko burua, ESPO Europako Portuen Elkartearen Garraio Intermodaleko eta Logistikako Batzordearen presidente den aldetik. Goirik adierazi zuenez, portuentzat onuragarria da e-Maritime ekimenaren ikuspegia, “baldin eta sistema eraginkor bat ezartzeko aukera ematen badu, portuetan eta kate logistikoan prozedurak eta informazio-trukeak errazteko”. Ikuspegi horretatik, ESPOk beharrezkotzat jotzen du lehendik dauden sistema eta atariei eustea, herrialdeetako leihatila bakarren sarrera-puntu gisa, “zeren eta sistema horiek, berez, portuko komunitateko gure bezeroek tokiko leihatila bakar modura baliatzen baitituzte”.
Txaber Goiriren iritzian, “Bilbokoa bezalako
portuetan, non e-puertobilbao plataforma telematikoa baitago, saiatu beharra dago ahalik eta aldaketa gutxien egiten, gure bezeroek egonkortasuna behar baitute, beren negozioetan jarduteko, are gehiago kontuan harturik e-Maritimeren helburua itsas merkataritza eta itsas garraioa sinpletzea eta erraztea dela”.
Topaketa bi egunetan banatua zen. Sarrerako hizlaria Mattias Ruete izan zen, EBko DGMOVEren zuzendari nagusia. Lehenbiziko jardunaldian, aurrekariak azaldu ziren, eta e-Maritime ekimenaren ingurumaria definitu. Gaur egun, bi proiektu dira martxan: bata, 2010/65 Direktiba ezartzekoa, EBko herrialdeetako portuetara iristean eta haietatik irtetean ontziei eskatzen zaizkien formaltasunei buruzkoa; bestea, SafeSeanet sarea hobetzekoa.
Bigarren egunean, hiru lantalde antolatu ziren, ontziei eta merkantziei portuko eragiketak eta zerbitzuak errazteko teknologiaren erabilera aztertzeko. Talde horietan parte hartu zuten, besteak beste, portu hauetako ordezkariek: Hanburgo, Bremen, Rotterdam, Zeebrugge, Bartzelona eta Valentzia. Haietako batzuek beren zerbitzu telematikoak (Port Community Systems) eta balio erantsiko zerbitzuen eskaintza aurkeztu zituzten. Han izan ziren, halaber, zenbait itsas operadore, hala nola Maersk, MacAndrews, Unifeeder eta P&O ferrymasters, eta ordezkaturik egon ziren DG TAXUD (EBko aduanak), EMSA (European Maritime Safety Agency) eta ontzijabeen elkartea nahiz Europako portuen elkartea (ECSA eta ESPO, hurrenez hurren).
Jardunaldia ixteko, Strotmann jauna mintzatu zen, Siim Kallasen kabinetekoa, EBko Garraio komisionatua. Haren hitzaldia: “Connecting the maritime world-towards 2020”.