Distantzia laburreko itsas-garraioari buruzko jardunaldia egin du eta bertan, portuko eragileek eta zerbitzu logistikoek ezagutzera eman dituzte Brexit testuinguru berriari aurre egiteko hartutako neurriak
“Bilboko Portua prest dago Brexiterako, Europar Batasunak Erresuma Batuarekin hartzen duen akordioa edozein dela ere, bai adiskidetasunezkoa, bai gogorra”. Horixe da, hain zuzen ere, gaur Portuan bertan egindako jardunaldiaren ondorio nagusia. Jardunaldia, ingurumena, teknologia eta, bereziki, Brexit erronka berriak direla eta portuko eragiketetan eta haien prozesuetan izandako aldaketei buruzkoa izan da.
Jardunaldia, Bilboko Portuko Agintaritzak eta Distantzia Laburreko Itsas Garraioa Sustatzeko espainiar Elkarteak (DLIG) antolatu dute, eta, zuzenean edo birtualki, ontzi-enpresa, operadore logistiko, terminalista, garraio-kudeatzaile, aduana-agente, esportatzaile eta portu eta logistika zerbitzu ugarik jarraitu dute.
Bileran gai hauek landu dira, besteak beste: DLIG eta bere bilakaera; garraio jasangarrigorako duen eginkizuna, Bilboko Portuaren ikuspegitik; karbono-aztarna murrizteko aurrerapenak; eta Brexitaren aldaketak, aipatutako horiek, Mugako Kontrol Postuari, merkataritza elektronikoko plataformari eta eragiketei, batez ere karga edota bidaiari ferryei eragiten baitiete.
Bere hitzaldian, Portuko Agintaritzako lehendakariak Ricardo Barkalak adierazi du, Bilbao distantzia laburreko itsas garraioan espezializatutako portua dela, eta badaudela ontzi-enpresa batzuk ehun urte baino gehiago daramatenak zerbitzu hori eskaintzen Europako iparraldean eta britainiar Uharteetan. Barkalak deitoratu du, urtebeteko luzapena eman den arren, ez dela akordiorik lortu EBren eta Erresuma Batuaren artean, eta “horrek, ziurgabetasuna eta urduritasuna sortzen du operadore logistikoetan eta enpresa esportatzaileetan”. Hala ere, konfiantzazko mezu bat bidali nahi izan du, zeren eta “akordioa edozein izanda ere, gu etxeko lanak eginda iristen gara. Edozein agertokitarako prest gaude, portuko logistika-sektoreko eragile guztien koordinazioari eta ahaleginari esker”.
Lehendakariak nabarmendu du azpiegiturako eta infoegiturako tresna guztiak dauzkatela Bilboko Portuaren lehiakortasuna garatzeko distantzia Laburrreko Itsas Trafikoan, eta batez ere, Erresuma Batuarekin, Kanalean gerta daitezkeen pilaketak edota lur garraioaren eraginkortasun eza sahiesteko desbideraketa aukerak aprobetxatuz.
Portu liderra Erresuma Batuarekin eta kontingentzia-plana
Bilbao, Espainiako portu sistemako portu liderra da, Espainiak Erresuma Batuarekin daukan itsas merkataritzaren %27ko kuota baitauka. Zerrendako hurrengo portuak kuotaren %10a dauka.
Merkantzia orokorrak bakarrik kontuan hartzen baditugu, Espainia eta Erresuma Batuaren artean itsasoz merkaturatzen den hiru salgaietatik bat Bilboko Portutik sartzen edo irteten da. Beraz esan dezakegu Bilbao, konexio-portua dela.
Bilboko Portuak Erresuma Batuarekin daukan salgaien trafikoa bere guztirako trafikoaren %10a adierazten du eta edukiontzien %25a. Ondorioz, lehen merkatua da gune honentzat. Horri erantzuna eman ahal izateko, astean 11 zerbitzu erregular dauka herrialde horrekin eta konexioa 47 portu britaniarrekin.
Halaber, bidaiarien trafikoa ere dago herrialde bien artean. 2019an, 118.000 bidaiari britaniar igaro ziren Bilboko Portutik, ferryz edo gurutzontziz.
Bestalde, Bilboko Portuak hirugarren herrialdeekin operazioak egiteko instalazioak eta zerbitzuak dauzka eta aditua da trafiko hauek bideratzen eta egiten. Trafiko hauek, guztirakoaren %67a adierazten dute. Beraz, ohiko errealitate operatiboa da. Erresuma Batua EBtik kanpo dagoenean, hirugarren herrialdeekiko trafikoa %77koa izango da.
Portu Agintaritzak zenbait lantalde koordinatu ditu herrialde honekiko trafikoan diharduten eragileekin kontingentzia-plana egiteko, akordiorik gabeko Brexita egonda ere, Portuan egiten diren operazioak orain bezain arinak eta lehiakorrak izan daitezen. Hori dela eta, edukiontzien, ohikoen, solidoen eta ro-roen trafikoan egiten diren lan ezberdinak aztertu dira -arreta berezia gurpilezko trafikoari emanez-, eta besteak beste, honako neurri hauek hartu dira:
- Aduanako prozedurak berrikustea eta plataforma elektronikoko zerbitzu berriak abiaraztea.
- Ferryaren terminala handitzea eta fluxu operatiboak berriz diseinatzea.
- Trafikoa portu-esparruan egokitzea.
- Disuasio-aparkalekua eta checking aurreko kontrola ezartzea.
- Erakunde Publikoak itsasontzien ordutegietara moldatzea.
- Giza Baliabideak indartzea Erakunde Publikoetan eta Portuko Agintaritzan.
- Kate Logistikoaren partaide guztiak kontzientziatzea.