Bilboko Portuak berriro ekingo dio Kanarietako bananen trafikoari, Boluda Lines ontzi-konpainiari esker. Igandero kargatuko dituzte bananak Santa Cruz Palmakoan, eta ostegunez iritsiko dira Bilbora. Reefer deritzen kontainer hoztuetan garraiatuko dira. Bai Boludak bai Bilboko Portuak espezializazio-maila handia dute garraio-mota horretan.
Azpiegitura berrituak
Tenperatura kontrolatua behar duten elikagaien trafikorako, Bilboko Portuak Espainiako iparraldeko kontainer-terminalik garrantzitsuena du, eta sakonerarik handienekoa. Noatum Container Terminal Bilbaok kudeatzen du terminala, non 540 entxufe-hargune dauden reefer kontainerretarako. Urtean 365 egunez eta egunean 24 orduz kontrolatzen eta monitorizatzen da kontainerren tenperatura. Haren biltegian egiten da Crossdocking deritzon zerbitzua, hots, merkantzia hoztuaren kargatze- eta deskargatze-lana, horretarako berariaz egokitutako ingurune batean. Gainera, kontainerretan iristen den merkantzia hoztua jasotzen du, trenez, terminaleko instalazioetan. Horretarako, 450 m-ko lau trenbide ditu terminalak; laster, 550 m-raino luzatuko dira.
Duela gutxi, Noatum Container Terminal Bilbaok eta Portuko Agintaritzak sarrera automatizatuko prozedura bat definitu dute kontainer-terminaleko ate berrietan. Irailean jarri dute martxan prozedura, zeinak bizkortu eta erraztu egiten baitu lana, produktu freskoen garraiolariena ere barne dela.
Bestalde, produktu galkorrentzako terminal bat du portuak (Frioport), 25.000 metro kubikokoa (5.000 tona produkturen baliokidea). Zenbait biltegiratze-moduluri esker, tenperatura desberdinetan biltegiratu daitezke merkantziak: +12 eta –5 °C artean produktu fresko eta hoztuak, eta –22 °C-raino produktu izoztuak.
Gainera, biltegi pribatuak ditu, hala nola Progeco Bilbaorenak, zeinak 12 kai baititu —800 metro karratu inguru— cross-docking-erako, hau da, produktu galkorrak hozkailu-kamioiko tenperatura kontrolatutik kontainerrera pasatzeko. Hego Ameriketatik eta Afrikatik datozen frutak eta barazkiak sartzeko, muga-ikuskaritzako postu (MIP) bat du Bilboko Portuak, 16 deskarga-kaikoa.
Itsaso bidezko konexioak osatzeko, izapideak azkar egiten dira, eta tren-zerbitzu intermodalek Bilborekin lotzen dituzte Gasteiz, Burgos, Madril, Guadalajara, Sevilla, Zaragoza, Bartzelona, Castelló, Valentzia eta Murtzia. Azken horrek hozkailu-trenen zerbitzu erregular bat du, Nonduermasetik abiatzen dena.