‘Ezagutu Portua’ programari esker, herritarrek eta ikasleek portuko jarduera ezagutzeko aukera izango dute
Bilboko Portuak berriro ekingo dio ‘Ezagutu Portua’ programari, uztailean publiko orokorrarentzat eta irailean ikastetxeentzat. Portuko Agintaritzaren ekimena da, herritarrek zein inguruko ikastetxeetako lehen hezkuntzako 5. mailatik hasi eta DBHko 4. mailara arteko ikasleek aukera izan dezaten portuko instalazioak bisitatu eta, bertatik bertara, portuko jardueraren nondik norakoak ezagutzeko.
Doako programa hau 2014az geroztik ari da garatzen, Bizkaia osoan bizi diren pertsonek, eta batez ere gazteenek, Bilboko Portuaren funtzionamendua ezagutzeko, baita Bizkaiko eta Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialarekin duen harreman zuzena ere. 2019. edizioan – COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-egoera dela eta bertan behera geratu aurreko azken ekitaldian – 8.400 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte ‘Ezagutu Portua’-n, eskola-ume, unibertsitario edo prestakuntza-zentroetako ikasleak eta helduak kontuan hartuta.
Hiru ordu inguruko bisita gidatuetan ezagutu ahal izango dira portuko historia eta geografia, kaietan atrakatzen duten ontzi eta itsasontziak, itsas garraioaren eta haren funtzionamenduaren garrantzia, portuak bere ingurunean duen eragina eta jasangarria izateko eta bere energia lortzeko lan egiteko modua.
Portuko Agintaritzak egutegi zabala jarri du 2022/2023 ikasturtean programa honetan parte hartu nahi duten ikastetxeen eskura; bai eta bisitak euskaraz edo gaztelaniaz egiteko aukera, ikastetxean bertan jasotzeko doako zerbitzua, autobuseko bisita gidatua, jarduera eta fitxa didaktikoak eta era guztietako bestelako erraztasunak ere, ikasleek portuan dauden bitartean goza dezaten.
Ikastetxeetako bisitak astelehenetik ostiralera egiten dira, eta ezagutuportua@bilbaoport.eus posta elektronikoaren bidez eskatu behar dira.
Publiko orokorraren bisitak asteburuetan egiten dira, eta izen-emateak lotura honetan egiten dira.