Bilboko Portuak karga-bidaltzaileentzako duen eskaintza eta azpiegitura eta zerbitzuetako berrikuntzak aurkeztuko ditu Intermodal Europe azokan, azaroaren 15etik 17ra, Rotterdamen. Portuko Agintaritzaren ordezkaritzak Basque Country Logistics standean parte hartuko du (1. halla, D60 standa).
Portuko Agintaritzak, portuko operadoreekin batera, kate logistikoaren lehiakortasuna hobetuko duten zerbitzu intermodalak eta instalazioak garatzeko apustu estrategiko bat egin du. Azken proiektuen artean daude Pancorboko lehorreko portuaren urbanizazioa (Burgos), Arasurreko tren-bazterbideko lanak (Araba) eta Tuterako Itsas Plataforma Multimodala (Nafarroa).
Horrez gainera, Noatum Container Terminal Bilbao enpresak, zeinak edukiontzien terminalaren emakida baitu, kamioien fluxuak eta eraginkortasuna bera hobetzeko eta bizkortzeko asmo handiko inbertsio-programa bat iragarri du. Aurreikusitako 34 milioi euroetatik, 10 milioi 2016tik 2018ra bitartean inbertituko dira. Haietatik sei milioi, portiko-garabiak eta trenbideko garabi bat erosten gastatuko dira, eta beste lauak, ate automatikoak instalatzen, kamioien zirkulaziorako sarbideak egiten eta gaur egungo lau trenbideak zabaltzen, 450 metrotik 550 metrora.
Bestetik, ikusita portuan lurzoru-eskaera etengabea dela, Portuko Agintaritzak kai berri bat, erdialdeko kai-muturra izenekoa, eraikitzeko lehen fasea jarri du martxan. 79 milioi
inbertituko ditu, eta Europar Batasunaren diru-laguntza jasoko du, Connecting Europe Facility (CEF) programaren barruan. Kai hori obra estrategikoa da, zeren hura gauzatuta Kantauriko erreferentzia-portu gisa duen posizioari eutsiko baitio, eta, horren ondorioz, Euskadirentzat aberastasuna eta enplegua sortu ahalko baititu, lehen mailako merkataritza- eta industria-gune gisa.
2015ean, Bilboko Portuko trafikoa 32,5 milioi tonakoa izan zen, alegia, % 5,12 hazi zen, tokiko trafikoa eta zuzkidura kontuan hartu gabe. Portuko instalazioetara trenez sartzen den edo handik trenez ateratzen den trafikoa % 5 hazi zen 2015ean. Kontainerretako trafikoa, berriz, % 17. Gaur egun, tren-zerbitzu intermodalek Bilboko Portuarekin lotzen dituzte Araba, Nafarroa, Burgos, Zaragoza, Madril, Guadalajara, Sevilla, Murtzia, Bartzelona, Castelló eta Valentzia.