Luzatu egin du “Ezagutu Portua” programa
Bilboko Portuko Agintaritzak aurten helduentzako bisitaldiekin jarraitzea erabaki du. Asteburuetan izaten dira bisita horiek, eta iazko maiatzetik antolatzen dira. Ordutik, mila bat lagun izan dira Bilboko Portuak Santurtzin eta Zierbenan dituen instalazioetan, eta, batez beste, egunean hogei bisitari izan dira. Aurten, kopuru hori bikoiztea espero da.
Hala, Portuko Agintaritzak berritu egin du, bigarren urtez, “Ezagutu Portua” programa, Bilboko Portuko jarduera eta haren garrantzi estrategiko eta ekonomikoa herritarrei hurbiltzeko.
Larunbat eta igandeetan egiten dira ibilaldiak, autobusez. 10:30ean hasten dira, eta bi ordu irauten dute, gutxi gorabehera.
Interesa dutenek aurrez eman behar dute izena, ezagutuportua@bilbaoport.es helbidera idatziz edo www.bilbaoport.es webgunera sartuz.
Ikasleentzako bisitak
Aldi berean, Portuko Agintaritzak ikasleentzako bisitak antolatzen ditu (bada ia urtebete hasi zirela), ikastetxeen bidez. Doakoak dira haiek ere, eta astelehenetik ostiralera egiten dira. 2014ko otsailetik abendura bitartean, 3.500 ikasle igaro dira Bilboko Portutik.
Ekainera arte, leku guztiak erreserbatuta daude. Aste Santutik aurrera, ikastetxeekin harremanetan jarriko da Portua, hurrengo ikasturterako erreserbekin hasteko.