Bilboko Portuko instalazioak ikusteko bisitaldi gidatuak eskaintzen jarraituko du Bilboko Portuko Agintaritzak Gabonetan ere. Areagotu egiten da portuaren jarduera urte-sasoi honetan, kontsumoa ere handitu egiten baita.
Asteburu oro egiten dira bisitaldiak, abenduko bi igande hauetan izan ezik: hilaren 24an eta 31n. Hau da bisita horien helburua: herritarrei portuaren jardueraren berri ematea, giro atseginean, eta azaltzea zer garrantzi estrategiko eta ekonomiko duen Bizkairako eta Euskadi osorako.
Autobusez egiten da ibilbidea, Santurtziko turismo-bulegotik abiatuta, 10:30ean, eta bi ordu irauten du, gutxi gorabehera. Bisitaldia egin nahi izanez gero, aurrez eman behar da izena, ezagutuportua@bilbaoport.eus helbide elektronikora idatziz, edo www.bilbaoport.eus webgunearen bidez.
Portuko eremurik zaharrena eta itsasoari kendutako tokietan eraikitako kai berriak erakusten dira bisitaldian. Besteak beste, inguru hauek ikusten dira: kontainerrak kargatzeko eta
deskargatzeko kaia, ro-ro merkantzia garraiatzeko bereziki prestatutako ro-ro arrapalak, produktu galkorrentzako biltegiak, kontrol fitosanitarioak egiteko laborategiak, tamaina eta/edo pisugatiko karga bereziko kaiak, eta petrolio-ontzi eta gasontzi handiek atrakatzen duten eta Espainiako lehen itsas parke eolikoa dagoen eremu industriala.