Bilboko Portua proiektuetan aditua da, muntatzeko, eraikitzeko eta biltegiratzeko azalera du eta, era berean, energia-estrategian funtsezko pieza da onshore eta offshore eolikoaren garapena errazteko. Horren erakusgarri da Saitec Offshore Technologies eta RWE Renewables enpresen DemoSATH proiektuaren itsas aerosorgailu eolikoa portu honetan ur gainean jartzea.
DemoSATHren kargatze- eta uretaratze-lanak Punta Sollanako kaian egin ziren. Han, 2 mw-eko turbina duen hormigoi aurreatezatuko unitatea eraiki, muntatu eta ekipatu egin zen aldez aurretik.
Ur gainean jartzeko, unitatea erdi urperagarria den gabarra baten ontzigainean kargatu zen, garraiatzaile modular autopropultsatuen (SPMTen) bidez. Gero, gabarra lastatu eta urperatu egin zuten, harik eta DemoSATH unitatea flotatu arte. Ondoren, atoian eraman zuten kairantz, gaur egun bertan amarratuta baitago.
Saitec Offshore Technologies eta RWE Renewables 2020an elkartu egin ziren DemoSATH proiektua garatzeko. SATH teknologia duen 2 MW unitatea BIMEPen saiakuntza-eremuan (Armintza, Bizkaia) instalatuko da, euskal kostatik bi miliara, non itsasoak 85 metroko sakonera duen. SATHren diseinuari esker, osagaiak hormigoiz aurrefabrikatu daitezke, eta puntu
bakarreko amarradura-sistema bat erabiltzen da (single point mooring). Sistema horri esker, egiturak bira egin dezake eta haizearen norabidearekin eta korrontearekin lerrokatu. Frogapen-proiektu honen helburua da ur sakonetako itsas parke eolikoak industrializatzeko teknologia probatzea.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren gastuen aurrekontuaren eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) kontura lagundu da proiektu hau.