Hanseatic Inspiration gurutzaontziak, Hapag Lloyd konpainiakoa eta Incargok kontsignatuta, abuztuaren 31n Bilboko Portuko gurutzaldi-denboraldiari hasiera emango dio.
Norvegian 2019an eraikia, 138 metroko luzerako eta 22 metroko zabalerako gurutzeontzat honek 15.500 tonako erregistro gordina du, eta 200 bidaiari eta 160 tripulatzaile baino gehiago har ditzake. Hala ere, konpainiak ezarritako osasun-neurriak betetzeko, oraingo honetan, bidaiari kopurua 150, gehienak Alemaniatik etorriak, eta tripulatzaileena 120 baino ez da izango.
Donibane Lohizuneko portutik datorren ontzia 6:00etan porturatuko da Olatuan, Bilboko Portuak Getxon duen gurutzaontzien terminalean, eta 20:00ak arte egongo da Getxon. Orduan, Azoreetako Angra Do Heroismora abiatuko da. Ontzian txangorik salduko ez den arren, bidaiariek Bilbao Paso a Paso turismo enpresa hartzaileak lehorrean antolatuko dituenez gozatzeko aukera izango dute.
Gurutzaontziak 120 gela balkoiarekin, hiru bizkar, hiru jatetxe, bi taberna-kafetegi, apaindegia, spa, kasinoa, liburutegia, dendak, gimnasioa, igerilekuak eta bidaiarientzako erosotasun guztiak ditu. Hanseatic Inspiration gurutzaontziaren Bilboko Portuko lehen eskala 2020ko urriaren 14rako aurreikusita zegoen, baina atzeratu egin behar izan zen, koronabirusak sortutako osasun-krisiak eragindako murrizketak zirela eta.
Hala, mundu osoan koronabirusak eragindako pandemiaren aurrean hartutako neurrien ondorioz gurutzaldi-jarduera bertan behera utzi ondoren Bilboko Portuan geldialdia egiten duen lehen gurutzaontzia da. Covid-19 agertu aurretik Bilboko Portuan porturatu zen azken gurutzaontzia Aida Sol izan zen, 2019ko azaroaren 1ean, 2.216 turista zituela.
Bilboko Portuko Agintaritzak Getxoko gurutzaontzien terminaleko instalazioak
bidaiarien segurtasuna eta osasuna bermatzeko prestatu ditu, terminalaren zoruan ibilbide markatuak eta osasun-gelak ezarriz. Horrela, itsas estazioa burbuila bihurtuko da, eta langileek eta bidaiariek ezarritako osasun-arauak bete beharko dituzte beti: maskarak, gel hidroalkoholikoa erabiltzea, distantzia soziala mantentzea, etab.
Neurri horiek ontzi-enpresek gurutzaontzi guztietan hartzen ari direnen osagarri dira, hala nola, ontziratu aurretik bidaiariei test negatiboa exijitzea, ontzien edukiera mugatzea, burbuila-taldeak sortzea edo ontzien eremu komunetan bidaiari pilaketak saihestea.
Hori guztia, gurutzaldi-jarduerari ahalik eta segurtasun handienarekin berriz ekiteko eta Bilboko Portua aurten jasotzea espero dituen gurutzaldien bidaiariak hartu ahal izateko.