Bilboko Portuko Agintaritzak World Maritime Week ekitaldian parte hartuko du beste behin ere. Itsas industria globalaren topagune handia da World Maritime Week, eta martxoaren 19tik 21era egingo da, Bilbao Exhibition Centren (BEC).
Hitzorduan parte hartuko duten lau sektoreek (portuak, itsas energia berriztagarriak, ontzigintza eta arrantza) hitzaldiak, eztabaidak eta keynoteak egiteko gune bat izango dute, baita erakusketa-gune bat ere.
Bilboko Portuko Agintaritzak, zehazki, bi hitzalditan hartuko du parte. Alde batetik, asteazkenean, hilak 19, 15:45ean, digitalizazioari eta zibersegurtasunari buruzko hitzaldian parte hartuko du, ‘AA eta transformazio digitala, SOC-aren, Hornikuntza Katearen eta Portuko Larrialdietako Komunikazioen zibersegurtasunean’ hitzaldiarekin, José Díaz Portuko Agintaritzako zibersegurtasuneko arduradunaren eskutik. Bestalde, ostegunean, hilak 20, 9:50ean, ‘Itsas sektorea deskarbonizatzeko bidea’ izeneko mahai-inguruan parte hartuko du, eta, besteak beste, Andima Ormaetxe Eragiketetako, Arlo Komertzialeko eta Logistikako zuzendariak hartuko du parte.
Erakusketa-eremuari dagokionez, Portuak stand bat izango du (LU-15) eta, non informazioa emango baitute Portuko Agintaritzak eta UniportBilbao bere logistika multimodalaren klusterrak, portuak enpresen nazioartekotzerako eskaintzen dituen abantaila logistikoei buruzkoa, eta erakutsiko baitute zer aurrerapen egin dituzten eraldaketa digitalean eta deskarbonizazioan, baita zer proiektu nabarmen garatu dituzten AAean eta jasangarritasunean. Besteak beste, kaien elektrifikazioa. Lan horren lehen fasea martxan dago jada, eta 2026ko hasieran amaituko da. 4.477.694 euroko inbertsioa eskatuko du eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 4,3 milioiko dirulaguntza du.
Bigarren fasea 55,4 milioi eurotan atera da lehiaketara. ‘Europa Konektatzen’ mekanismoak (CEF funtsak) partzialki finantzatzen du, eta gainerakoa Bilboko Portuko Agintaritzaren funts propioek. Halaber, Europako Inbertsio Bankuarekin (EIB) 80 milioiko mailegua sinatu dute, eta horren zati bat proiektu hori finantzatzeko erabiliko dute. Bigarren fase hau 2027an egongo da prest. Kontsumitutako energiaren zati bat energia berriztagarrietatik etorriko da, hala nola plaka fotovoltaikoetatik. Une honetan, 15,6 milioiko lizitazioan dago proiektu hori.
Enplegu-foroa eta porturako bisita
Bilboko Portuak aktiboki parte hartuko du, halaber, martxoaren 20an, WORKinn for WMW azokan egingo den lehen enplegu-foroan. Foro horren helburua da belaunaldi-erreleboaren erronkari aurre egitea, enpresen beharrizanen eta pertsonen prestakuntza kualifikatuaren arteko distantzia murriztea, eta gazteek itsas sektorean interesa piztea.
Ostiralean, hilak 21, topaketaren azken egunean, bisita teknikoak egingo dira, eta Bilboko Portuko instalazioetara bisita gidatua egiteko aukera emango da.
Informazio gehiagorako: World Maritime Week | Bilbao Exhibition Centre | BEC