Bilboko Portua Fruit Logistikan izango da, Berlinen, otsailaren 4tik 6ra, fruta banatzeko ondoen konektatutako portu atlantiko gisa, Iberiar penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketa-zentro handiena den Mercabilbao enpresaren eskutik.
Bilboko Portuko Agintaritzaren merkataritza-politikaren parte da Mercabilbaoren lankidetza. Izan ere, Portuko Agintaritzak apustu handia egin du azken urteotan fruten eta barazkien sarrera-fluxua handitzeko. 2014an, % 2,5 hazi zen trafiko hori.
Euskadik sektore honetarako dituen abantaila lehiakorren berri emango dute Portuak eta Mercabilbaok, Basque Country Logistic markaren bidez, eta, bereziki, azpiegitura eta distantzia laburreko lineen kopurua nabarmenduko dute. Haiei esker, Bilbo da fruta eta barazkiak banatzeko ondoen konektatutako Atlantikoko portua, Europako iparraldeari dagokionez eta Iberiar penintsulari berari dagokionez.
Europako portu nagusiekin maiztasun handiko zerbitzu-aukera zabala izateak Alemaniara, Frantziara, Erresuma Batura, Herbehereetara, Belgikara eta Eskandinaviara esportatzeko irteera natural bihurtzen du Bilbo. Zehazki, edukiontzientzako lo-lo zerbitzuez gain, edukiontzientzako eta merkantziak daramatzaten kamioientzako ro-ro zerbitzuak ditu.
Itsaso bidezko konexioak osatzeko, izapideak azkar egiten dira,
eta tren-zerbitzu intermodalak ematen. Nabarmentzekoa da Murtziarako tren-zerbitzua, Nonduermasen irteera duena. Konexio horrek tren hozkailuen zerbitzu erregular bat du; 2014an, % 6,5 hazi zen.
Halaber, Hego Ameriketatik eta Afrikatik datozen frutak eta barazkiak sartzeko eskaintzaren berri emango dute. Eskaintza horretarako, Bilboko Portuak mugako ikuskaritza-puntu bat (MIP) du, eta, hango laborategietan, ikuskaritza-erakundeekin koordinatuta egiten dira kontrol sanitario guztiak. MIPaz gain, beste instalazio batzuen artean, produktu galkorrentzako terminal bat du portuak, 25.000 metro kubikokoa (5.000 tona produkturen baliokidea).