Aurten ere, Bilboko Portuak barazki eta frutaren logistika eta garraioa egiteko bere proposamena eramango du Fruit Attractionera, Madrilen urriaren 5etik 7ra bitartean egingo den fruta- eta barazki-esportatzaile eta -inportatzaileekiko topagunea. Helburua, estatuko eta nazioarteko operadoreen aurrean Penintsulako iparraldean elikagai-hub gisa duen posizioa sendotzea eta fluxuak handitzeko aukera berriak aztertzea.
Bere eskaintza intermodalari, salgai-mota horietan duen esperientziari eta Mercabilbaorekin batera egiten duen elkarlanari esker, Bilboko Portuak Erdialdeko Amerika, Hego Amerika eta Hego Afrika bezalako lekuetako barazki- eta fruta-trafikoa bideratzen du, baita Espainiako hainbat lekutakoa ere, Europa eta Penintsulako beste leku batzuetara.
Bilboko Portuak urtean 170.000 tona fruta eta barazki inguru mugitzen ditu; horietatik % 90 inguru esportazioak dira, eta gainerako % 10a, inportazioak. Sail nagusien artean barazki izoztuak; tipulak, baratxuriak eta porruak; eta zitrikoak nabarmentzen dira, reefer edukiontzien trafiko handia duela.
Helmugako herrialde nagusiak Erresuma Batua eta Irlandako Errepublika dira, fruta- eta barazki-esportazioen % 84 inguru biltzen dituzten merkatuak. Izan ere, Bilboko Portua liderra da Estatuan itsas garraioan, Europako Iparraldearekin eta Erresuma Batuarekin. Azken merkatu horretan, zerbitzuak indartu dira eta izapideak arindu, Brexita indarrean sartzeak sortutako behar berriei aurre egiteko.
Bilboko Portuak Fruit Attractionera eramanen dituen fruta eta barazkien inportazio eta esportaziotik eratorritako trafikoari erantzuteko zerbitzuen artean, e-puertobilbao nabarmentzen da, prozesuak eta eragiketak arintzeko bezeroei eskaintzen dien plataforma telematikoa.
Azpiegiturei dagokienez, Estatuko iparraldeko edukiontzi-terminal garrantzitsuena du Bilboko Portuak, eta, era berean, sakonera handienekoa, CSP Iberian Bilbao Terminalek kudeatua. Terminala Europako iparraldeko portu nagusiekin lotuta dago, 540 entxufe-hartune ditu reefer edukiontzietarako eta eragiketa guztia, produktu freskoen garraiolariena barne, bizkortzen eta errazten duen sarbide automatizatu bat du; 550 metro eta lau bideko tren-terminal bat ere badu. Edukiontzien terminal bati eskatzen zaizkion segurtasun-estandarren gainetik dagoenez, aduana sinplifikatzeko eta babesa eta segurtasuna emateko Operadore Ekonomiko Baimenduaren (OEB) baimena lortu du.
Gainera, kokapen honek ro-ro eta xede anitzeko terminalak eta galkorren biltegiak ditu. Alde batetik, Frioport hotz-terminalak 4.800 metro koadro ditu, 16.300 metro kubikoko edukiera duten bi izozte-ganbera -25 gradutan eta 7.500 metro kubikorako edukierako hiru hotz-ganbera positibo.
Progecok, berriz, salgaiak biltegiratu eta lekuz aldatzeko bi instalazio ditu, 6.000 metro koadroko hotz positiboa osatzen dutenak. Gainera, enpresa honek hozkuntzako edukiontziak biltegiratu, mantendu eta konpontzen ditu.
Horretarako, egituran nahiz hozteko makinetan edozein gorabeherari erantzuten dioten profesionalak ditu, hotz-katearen itxaronaldiak eta hausturak saihesteko ontzi-enpresei eta sektoreko bezero guztiei urteko 365 egunetan zerbitzua ematen dutenak. Progeco fabrikatzaile nagusien (Carrier, Thermoking, Star Cool eta Daikin) dealer (zerbitzu tekniko ofiziala) bakarra da Espainiako iparraldean.
Era berean, Bilboko Portuak Mugako Kontroleko Postu / Border Control Point bat (MKP) du, Espainiako portuen artean abangoardian dagoena; edukiera handiko instalazio bat, 16 sarbide dituena; 24 orduz funtzionatzen du, eta gaikuntza hauek eskaintzen ditu: MKP, deskarga-portua, PED (Sarrera-puntu izendatuak), PED/PDI (Zenbait hirugarren herrialdeetako elikagaien kontrolerako puntuak), erradioaktibitatea, RAH (Gaitutako aduana-barrutiak) eta PPI (Lehen aldiz sartzeko puntuak).
Mercabilbao
2020an, fruta eta barazkien komertzializazioa 233.600 tonatik gorakoa izan zen Mercabilbaon, urtez urte handitzen den Kopuru, eta 2021. urterako, merkaturatze-zenbaki historikoak lortzeko bideari jarraitzen diote aurreikuspenek.
Fruta eta Barazkien Merkatu Zentralak gaur egun dauden lekuan kokatu zenetik 50 urte betetzen diren urte berezi honetan, Mercabilbao Fruit Attractionera itzuliko da Bilboko Portuaren eskutik, baratzezaintzako eta frutazaintzako sektorean duen nazioartekotze-estrategia bateratuari balioa emateko.
Izan ere, Elikagaien Unitateak kokapen estrategikoa du, Paris-Hendaia-Madril ardatzaren elkargunetik oso hurbil, Kantauriko autobiaren ondoan, eta zuzeneko lotura autobideen sarearekin. Autobide horiek, Bilboko Portuarekin batera, puntu ezin hobea dira nazioartera eraginkortasunez eta kalitatez hedatzeko estrategia bat gauzatzeko. Fruta eta barazkien sektoreko operadoreentzat lehiakortasunerako abantaila da, bai baliabideen, ekonomiaren, denboraren, eskura dauden azpiegituren edo biltegi logistikoen ikuspegitik.