Ordezkariek baieztatu dutenez, aurten, lehen aldiz, 55 gurutzaontzik atrakatuko dute
Aurten ere, Bilboko Portuko Agintaritzako ordezkariek, Bilbao Turismoren laguntzarekin, Cruise Shipping Miamiazokan parte hartu dute aktiboki. Nazioarteko gurutzaontzi-azoka nagusia martxoaren 10etik 13ra egin da.
Topaketa munduko erakusleiho bat izan da, Euskadi gurutzaontzi-turismorako helmuga gisa aurkezteko. Izan ere, gastronomia-, kultura- eta paisaia-eskaintza erakargarria du sektore horretarako.
Aldi berean, Euskadiko ordezkariek bilerak egin dituzte armadore eta tour-operadoreekin, eta baieztatu dute aurten 55 eskalatik gora eta 70.000 bidaiari baino gehiago izango dituela Getxoko atrakalekuak. Datu horiek —denboraldiaren bukaeran berretsiz gero— orain arteko onenak izango dira Bilboko Portuarentzat, % 25eko hazkundea adierazten baitute.
Portuko ordezkariek adierazi dutenez, “espero da gurutzaontzi-industria % 5 haztea mundu mailan, Asiako herrialdeen, Australiaren eta Ekialde Ertainaren bultzadari esker. Testuinguru horretan, Euskadi hazi egin daiteke epe labur eta ertainean, Mediterraneokoak ez bezalako xarmak dituelako, eta horixe nahi dute orain ontzi-enpresek, publiko gero eta zorrotzagoari erantzuteko”.
Aurten, apirilean hasiko da denboraldia, eta, oraingoz, urrian amaituko da. Dena den, baliteke hurrengo hilabeteetan azarorako eta abendurako eskalaren bat baieztatzea. “Sektore honetan, denboraldia ez da inoiz ixten. Beti egon daitezke aldaketak, eta beti egin daiteke lan eskala berriak lortzeko, eta horretan ari gara”, esan dute.
Une honetako aurreikuspenen arabera, porturatuko diren 55 gurutzaontzietatik zortzi lehen aldiz izango dira Euskadin, eta hamabik “San Mames futbol-zelaia halako hiru izango dira ia luzeran”.