Portuko Agintaritzaren “Ezagutu Portua” programa otsailaren 3an hasi da, ikastetxe baten lehen bisita didaktikoarekin.
Bisitan, Portuko Agintaritzak Santurtzin eta Zierbenan dituen instalazioak ezagutu dituzte, eta, horrez gain, arlo hauek landu dituzte, besteak beste: historia eta geografia (Bilboko itsasadarraren eta portuaren historia), ontzi-motak (tipologia eta ontzien zatiak), itsas garraioa (garraiobideak, itsas zirkulazioa, lanbide historikoak eta gaur egungoak) eta energia eta ingurumena (energia berriztagarriak, neurketa-tresnak, ingurumen-neurriak).
Erreserbak, ekainera arte
Portuko Agintaritzak ikastetxeei egin dien gonbitak —bisitak doakoak dira— hain harrera ona izan du, ezen ekainera arteko eskola-egun guztiak erreserbatuta baitaude dagoeneko. Hilabete hauetan, 2.000 bat ikasle izango dira portuaren kaietan.
Maiatzean, Bilboko Portua berriro ikastetxeekin harremanetan jarriko da, bigarren bisita-programa antolatzeko. Izan ere, datorren ikasturtean jarraitu egingo dute programa honekin, eta ikasturte honetan portuan izan ez diren ikastetxeei emango zaie lehentasuna.
8-14 urteko ikasleentzat dira bisitak. Egunero egiten dira, astelehenetik ostiralera, eskola-egutegian, eta ordutegi malgua dute, ikastetxe bakoitzaren beharretara egokitzeko.