Bilboko Portuak presentzia aktiboa izango du, beste behin ere, Fruit Attraction-en. Madrilen egingo da azoka, urriaren 28tik 30era. Hamargarren pabiloiko 10H04D standetik, eta Basque Country Logistics markaren pean, fruta eta barazkiak Europako iparraldera eramateko errepide bidezko garraioaren alternatiba gisa eta Hego Ameriketako zenbait herrialdetatik —hala nola Kolonbiatik eta Ekuadorretik— merkantziak sartzeko alternatiba gisa aurkeztuko du bere burua Bilbok.
Batetik, Europa Atlantikoarekin konexio onena duen portua da Bilbokoa, astean hogei irteera baititu. Nabarmentzekoak dira, batez ere, herrialde hauekiko zerbitzuak: Erresuma Batua, Irlanda, Herbehereak, Suedia, Finlandia, Polonia eta Errusia.
Linea horien osagarri, tren-zerbitzu eskaintza bikaina du Iberiar penintsularekin konektatzeko. Azpimarratzekoa da hozkailu-trena: astean bitan ematen du zerbitzua, Bilbo eta Murtzia artean, MacAndrews enpresak kudeatuta.
Bestetik, portuak baditu muga-ikuskaritzako postu bat (MIP) eta produktu galkorrentzako terminal bat, azken hori 25.000 metro kubikokoa (5.000 tona produkturen baliokidea), beste instalazio batzuen artean.
Portuaren standean, gainera, Mercabilbao nabarmenduko da.
Iberiar penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketa-zentro handiena da. Bilboko Portutik 20 kilometrora dago, eta 87 postu ditu frutak eta barazkiak saltzeko, eta 10 postu platanoa heltzeko.
Bilboko Portuko Agintaritzaren merkataritza-politikaren parte da Mercabilbaoren lankidetza. Izan ere, Portuko Agintaritzak apustu handia egin du azken urteotan fruten eta barazkien sarrera-fluxua handitzeko. 2014an, % 2,5 hazi zen trafiko hori.