Remolcadores Ibaizabal konpainiak eta Astilleros de Murueta-k Gas (LNG) eta Gasolio (dual) bidez bultzatutako atoiontzi berriaren probei azken ukituak eman dizkiete, laster Bilboko Portuan zerbitzua ematen hasiko dena, portuko atoi zerbitzuaren flotaren barne.
Proiektu honetan, armadore eta ontziolarekin batera, Eusko Jaurlaritzak parte hartzen du, Energiaren Euskal Erakundearen bidez. Era berean, Europar Batasunaren CORE LNGas hive egitasmoaren barne dago, zeinean Bilboko Portuko Agintaritzak, Enagas-ek, Estatuko Portuak, Ibaizabal-ek, Murueta-k eta Energiaren Euskal Erakundeak parte hartzen duten.
Atoiontziak “Ibaizabal quince” izena eramango du. Bere luzera 28 metrokoa eta zabalera 12 metrokoa dira, 397 GT-ko erregistro gordina du, 55 tonako arrastatze ahalmena dauka eta 12 korapiloko abiadura lortzen du.
Ingurumen-kudeaketan aitzindariak
Bilboko Portua aitzindaria da ingurunearen kudeaketan, eta portu-sistemak 2030 Agendari laguntzeko aukeratu dituen ardatzekin bat datozen zenbait ekimen sustatzen ditu.
Horietako bat itsasontziei GNL-aren hornikuntza indartzea da. Atoiontzi berri hau zerbitzuan martxan jartzeaz gain, Repsolek Bilbao aukeratu du bere lehen gasinera eraikitzeko. Brittany Ferriesekin hartutako akordioaren emaitza da eta bere ferryek atrakatzen duten terminalaren ondoan kokatuko da. Ontzi-enpresa honek eraikitzen dituen GNL-ko ontziak hornituko ditu baina beste itsasontzi batzuk ere, atrakatzeko lekua okupatuta ez dagoenean. Instalazioak 1.000 metro kubikoko edukierako tanga edukiko du.
Ekimen hau aurretik garatutako beste ekimen batzuei gehitzen zaie, hala nola 2017. urtean egin zen lehen “truck to ship” (kamioitik itsasontzira)
bunkering delakoa, edo 2018ko otsailean egin zen itsasontzi batetik bestera GNL kargatzeko proba pilotua, lehena Arku Atlantiko eta Mediterraneo osoan.
Era berean, iaz Bilbao portu-zerbitzuen Bizi-zikloaren Analisian oinarritutako Produktuaren Ingurune Adierazpena (PIA) edo ingelesez Environmental Product Declaration (EPD) deritzona lortu duen munduko lehen portua izan zen. Beste ingurumen-ekimen bat Portuko kanpo argiak LED teknologiarekin ordezkatzea izan da. Proiektu honi esker, 2019. urtean kontsumo elektrikoa % 14a murriztu zen, 2018. urtearekin alderatuta. Inbertsioa 1,6 milioi eurokoa izan zen eta EBko Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) % 50eko finantziazioa izan zuen.
Elektrikoaz bestalde, bestelako kontsumoek ere beherakada nabaria izan zuten iaz arlo honetan abian jarritako ekimenei esker. Horrela, -% 7 murriztu zen ibilgailuen erregaien kontsumoa; -% 5 urarena; -% 37 atmosferara isuritako guztizko BEG-etan; edo -% 24 paper kontsumoan. Gaur egun, Bilboko Portuak energia-plan estrategiko bat aurrera eramateko lan egiten du.