58 eskala eta 80.000 bidaiari baino gehiago izan ditu
2014a mugarri izango da Euskadiko gurutzaontzien turismoan. Izan ere, lehen aldiz, Bilboko portuak 58 bidaiari-ontzi hartu ditu; hots, 2013an baino 14 gurutzaontzi gehiago. Gurutzaontzietako bidaiarien kopuruak ere aurreko urteetako kopurua gainditu du: 80.161. Hau da, aurreko denboraldian baino % 43 bidaiari gehiago izan dira (24.161 gehiago).
Bidaiari guztietatik, 1.710 lehorreratu egin dira, eta 1.722, ontziratu. Gainerakoak igarobideko bidaiariak izan dira, Bilboko portuan eskala egiteko gelditu direnak ordu batzuetarako eta, are, egun batzuetarako.
Nabarmentzekoak dira Celebrity Cruises-en hiru eskalak, gaueko egonaldiak barne (RCCL Taleko amerikar konpainia); P&Oren zazpi eskalak (Carnival Taldeko britainiar-amerikar konpainia); Hapag Lloyd-en lau eskalak (RCCL Taldearen alemaniar-amerikar konpainia); eta MSCen hamar eskalak (MSC Cruceros-en italiar konpainia). Jasotako gurutzaontzi guztietatik zortzik lehen aldiz egin dute eskala Bilboko portuan.
Datu horietan oinarrituta, Bilboko Portuko Agintaritzako arduradunen arabera, “Denboraldia oso ona izan da, eta, batez ere, turismoan hazkundea izateko aukera berriak sortzen dizkigu. Izan ere, bidaiari gehienak lehen aldiz etorri dira Euskadira, eta gogo bizia adierazi digute: aipatu dute helmuga hau biziki gomendatuko dutela, eta ziurtatu dute itzuliko direla, baina, hurrengoan, egonaldi luzeago baterako, egun batzuk pasatzera alegia”. Bestalde, konpainia berriak etorri dira, eta, emandako zerbitzuan oinarrituta, iragar liteke itsasontzi horiek berriro
sartuko dutela Bilbo beren ibilbideetan. “Datorren urtean ez bada, helmugak aurrerapen handiarekin ezartzen baitituzte, espero dugu itzuliko direla hurrengo denboraldietan”.
Iraupen-lasterketa
Martxoan, Miamiko azoka egiten denean —nazioarteko zirkuituko garrantzitsuena—, 2015erako aurreikuspenen berri emango da. Dena den, Portuko Agintaritza kontziente da zaila dela aurtengo zifrei zenbait ekitaldiz jarrian eustea. Izan ere, “hau ez da epe laburreko esprint bat, epe luzeko iraupen-lasterketa bat baizik”, esan dute. Hori dela eta, ohartarazi dutenez, “baliteke etorkizuneko hazkundearen grafikoak zerra-hortzen itxura izatea, hau da, litekeena da urtero hazkundeak ez izatea, baizik eta hiru urtetik bostera bitarteko aldietan izatea hazkunde garbiak. Izan ere, baliteke ontziak munduko beste eremu batzuetan egotea edo ontziak lehorrean uztea mantentze-lanetarako, eta horrek hazkundeari eragin diezaioke urte jakin batzuetan”.
Baina, Portuko Agintaritzak nabarmendu duenez, lortuko diren kopuruez harago, “beste kategoria batean lehiatzen dugu, eta erakutsi dugu ezen, Mediterraneoan egon gabe ere, merkatu-hobi handia dugula; batez ere, gurutzaontzien kai berriari esker. Izan ere, kai horri esker, hiru atrakaleku eskain ditzakegu, eta leku-murrizketarik gabe egin dezakegu geure buruaren sustapena konpainia nagusien artean”.
Hirugarren atrakalekua
Bilboko Portuko gurutzaontzien hirugarren atrakalekua maiatzaren bukaeran hasi zen martxan. 11/12 metroko gutxieneko zingoa du, 25.300 m2-ko zabaldegia eta 355 metroko atrakalerroa. Portuko Agintaritzak 16,5 milioi euroko inbertsioa egin zuen.
Munduko lau gurutzaontzi handienetako batek eskala egin zuenean —Independence of the Seas, Royal Caribbean International ontzi-enpresarena—, zeina 4.384 bidaiarirekin porturatu baitzen, ofizialki abian jarri zen hirugarren atrakalekua.
Kaiak itsas estazio bat izango du 2016an (haren diseinua zehazten ari dira), eta, aurreikuspenen arabera, 2015eko udaberrian aterako da lehiaketara.