Bilboko Portuko Agintaritzak gurutzaontzientzako hirugarren atrakalekua aurkeztuko du Seatrade Med nazioarteko azokan, Bartzelonan, irailaren 16tik 18ra. Bide batez, Euskadiren xarma turistikoaren berri emango du.
Bilboko Portuko ordezkariek beren standa izango dute (804a), eta bilerak hitzartu dituzte, dagoeneko, zenbait armadorerekin.
Hirugarren atrakalekua maiatzaren amaieran jarri zen martxan. 11/12 metroko gutxieneko zingoa du, 25.300 m2-ko zabaldegia eta 355 metroko atrakalerroa. Portuko Agintaritzak 16,5 milioi euroko inbertsioa egin du.
Kaiak itsas estazio bat izango du. Erredakzio-fasean dago estazioa eraikitzeko proiektua. Azpiegitura berriaz gainera, 2006an martxan jarri zena dago; hain zuzen ere, bi atrakaleku, 6.750 metro karratuko zabaldegia eta 355 metroko luzera duen pantalan bat dituena.
Denboraldi honetan, gainera, Portuak gangway (eskala) berri bat eskaini die konpainiei (lehendik beste hiru zeuden).
Errekor-urtea
Bilboko Portuak aurreikusten du aurten % 30 egingo duela gora gurutzaontzi-kopuruak. 44 porturatzetik 57ra igaroko da, eta, hala, zirkulazio-errekorra lortuko. Gaur bertan (astelehena, hilak 15), hiru gurutzaontzi daude atrakatuta Getxoko instalazioetan: Insignia, Oriana eta Celebrity Infinity. Hiru ontzietan, guztira, 5.000 bidaiari inguru heldu dira.
2014an, ontzi-enpresa hauek jardun dira Bilbon: Azamara, C. Isle Du Ponant, Classic Int. Cr.,Crystal Cruises, Fred Olsen, Hapag Lloyd, Holland America, MSC, Oceania, Princess, Pullmantur, P&O, Peter Deilman, Phoenix Reisen, RCCL, Sea Cloud, Silver Cruises eta V. Ships.
Bilbo, gorabidean
Uztailean, % 2 inguru handitu da Bizkaian ibili diren atzerriko turisten kopurua, eta % 1, estatuko bidaiarien kopurua. Bilbon, zehazki, % 40 turista gehiago izan dira turismo-bulegoetan, bai gurutzaontzietako bidaiari gehiago izan direlako, bai egonaldi laburretarako helmuga gisa indarra duelako. Guggenheim museoak (hiriko ikurrak) laugarren udarik onena izan du, inauguratu zenetik. Arte Ederren Museoak, berriz, bigarren erregistrorik onena izan du, ehun urteko historian.
Uda honetako musika-emanaldi batzuei esker (hala nola Getxoko jazzaldia eta Bilboko BBK Live) edo kirol-ikuskizun batzuei esker (hala nola Saskibaloiko Munduko Koparen atariko fasea, Bilbao Exhibition Centerren), handitu egin da bisitarien kopurua, baina Euskadiko kultura-eskaintza, eskaintza gastronomikoa eta paisaia bera badira, berez, erakargarri garrantzitsuak. Horrenbestez, Europako kultura-hiriburutzarako eta diseinu-hiriburutzarako aurkeztuko du Bilbo Udalak.