Enpresa- eta erakunde-mailarik altueneko ordezkariekin batera Espainiako eta Herbehereetako erregeak izan dira topaketan.
Espainiako eta Herbehereetako erregeak bertan direla, Amsterdamen topaketa bat egin da Bilboko eta Amsterdamgo portuen artean hidrogeno berriztagarriko Europako korridore bat garatzeari buruzkoa, non arreta berezia jarri zaie bi guneek hidrogeno berdearen ekoizpena, garraioa eta logistika garatzeko dituzten instalazio eta azpiegiturei, bai eta deskarbonizazioari egiten dioten ekarpenari ere, zero emisio garbiei begira.
Bi herrialdeetako enpresa- eta erakunde-ordezkaritza zabala izan du jardunaldiak, hala nola Bilboko Portuko Agintaritzakoa. Andima Ormaetxe Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketa, Merkataritza, Logistika eta Estrategia zuzendariaren eskutik, Bilboko Portuak deskarbonizazioaren alde egin duen apustuaren berri eman du, eta, zehazki, haren lehiarako abantailak eta korridore horretako eragile ukaezina izateko hartzen dituen proiektuak.
Harekin batera izan dira Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari orokorra; José Ignacio Zudaire Petronor-eko CEOa; eta Aitor Arzuaga Alba-Petronor-eko zuzendari orokorra, baita GasLog, Evos, Sunoco eta KLM enpresa eta erakundeen ordezkariak ere, Penintsularen iparraldearen eta Herbehereen artean aurreikusitako hidrogeno-horniduraren katean bakoitzak betetzen dituen zereginak, itxaropenak eta aurre egin beharreko erronkak aztertzeko.
Repsol taldeko Petronorrek 46.700 m2-ko emakida du Bilboko Portuan, itsas trafikoa duen terminal logistiko-industrial bat eraikitzeko eta ustiatzeko. Emandako eremuaren barruan, erregai sintetikoak ekoizteko instalazio bat eta hidrogeno elektrolitikoa
ekoizteko instalazio bat egongo dira terminal horretan. Inbertsioa 200 milioi eurotik gorakoa izango da, eta lehenengo instalazioak 2026aren hasieran jarriko dira martxan.
Enpresa- eta erakunde-ordezkari guztiek Amsterdamen izan duten bilera Bilboko eta Amsterdamgo portuek Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) eta Petronorrekin, eta SkyNRG, Evos Amsterdam eta Zenith Energy Herbeheretako erakundeekin batera sinatutako Ulermen Memorandumean (MoU) jasotako ekintzen barruan kokatzen da, hidrogenoaren eremuan eta bi portuen arteko itsas ibilbideko banaketan oinarritzen dena. MoUk Europar Batasunak Europa barneko korridore horiek ezartzeko dituen nahiei jarraitzen die, eta Espainiako eta Herbehereetako gobernuek zeregin garrantzitsua dute korridore horiek gauzatzean.