Portuko Agintaritzak Euskadi sustatuko du hil honetan Europako gurutzaontzi-azokarik garrantzitsuenean, eta Bilbo ontziratze-portua izango da
Irailean jasoko ditu gurutzaontzi gehien Bilboko Portuak, Euskadiko turismoarentzat eta itsasoz bisitatzen gaituen turismoarentzat urte bikaina den honetan. Hain zuzen ere, Portuko Agintaritzak mota horretako trafikoetarako Getxon dituen instalazioetan 2023an geldialdia egingo duten 80 gurutzaontzietatik 20 hil honetan iritsiko direla aurreikusten da. Hala, Bizkaiak eta Euskadik gurutzaontzien turismorako duten interesa berresten da, baita konpainiek portuak eskaintzen dituen azpiegiturei eta zerbitzuei – bai ontziei, bai bidaiariei -, egiten duten balorazio bikaina ere.
Hilaren lehen egunean iritsi zen, lehen aldiz, Disney konpainiaren Disney Dream gurutzaontzia, 339 metro luzerakoa eta 4.000 bidaiarientzako lekua duena. MSCren 333 metroko luzerako eta 4.363 itsas bidaiarirentzako edukierako MSC Fantasía ere etorriko da Bilbora, irailaren 6an iritsiko dela portura. Egun horretan bertan izango da Windstar Cruises ontzi-enpresaren Star Legend, 159 metroko luzera eta 312 bidaiarientzako lekua duena. Gurutzaontzi honek Bilbon egin zuen geldialdia joan den maiatzean, eta oraingo honetan portuan emango du gaua, hilaren 7an bere ibilbidearekin jarraitzeko.
Bidaiarien ontziratzea eta lehorreratzea
Irailaren 7an bertan ere abiatuko da Norwegian Gem, Getxon irteera eta helmuga duen ibilaldiari hasiera emanez. Norwegian Cruise Line-n gurutzaontziaren itsasbideak Europako iparraldeko hiri enblematikoenetako batzuetara hurbilduko ditu bidaiariak, hala nola Bordelera, Amsterdamera, Londresera, Bruselara, Parisera, Lisboara, Vigora eta Coruñara, maletak egiten eta desegiten ibili eta haiekin zamatu beharrik gabe, irailaren 19an Getxora itzuli aurretik. Norwegian Gem hilaren 19an bertan abiatuko da berriro, oraingoan Erromako Civitavecchiara. Han izango da urriaren 1ean, Lisboa, Portimao, Cádiz, Gibraltar, Motril, Eivissa, Palma, Saint Tropez eta Spezian geldialdia egin ondoren.
Irailean Norwegian Getaway, Seven Seas Voyager, Azamara Journey edo Seven Seas Splendor gurutzaontziek, baita Regent 7 Seas, Azamara, Celebrity Cruises, Aida Cr. (Carnival), edo Silver Cruises (RCCL) bezalako konpainien ontziak ere geldialdia egingo dute Bilboko Portuan, besteak beste Incargo-k, MSC-ek, Bergé-k, Marmedsa-k, Pérez y Cía.-k edo Transcoma-k ordezkatuak.
Seatrade Europe 2023
Bilboko Portuko Agintaritza beste urte batez egongo da Seatrade Europe topaketan, gurutzaontzien turismoari buruzko Europako topaketa erreferentean. Seatradek Hanburgon bilduko ditu, irailaren 6tik 8ra bitartean, sektoreko profesionalak, nazioarteko 25 gurutzaldi-konpainien ordezkariak eta 250 enpresa baino gehiagoren parte-hartzea duen erakusketa-eremua barne.
Estatuko Portuen eta Cruise Europeren standean egoteaz gain, Bilboko Portuaren ordezkaritzak topaketak eta bilerak izango ditu armadoreekin eta profesionalekin, Bilbo, Bizkaia eta Euskadi gurutzaontzien turismorako leku erakargarri gisa sustatzeko, eta Bilbok mota horretako trafikoetarako eskaintzen dituen abantailak eta berrikuntzak aurkezteko.