Urtarriletik irailera bitartean, Bilboko Portuko trafikoa 22,7 milioi tonakoa izan da, iazko garai honetakoa baino % 1,4 handiagoa. Kopuru absolututan, 310.170 tonako hazkundea izan da. Datu horrek berresten du joera aldatu egin dela iaztik, azken bost urteetan % 5eko beherakada metatua izan baita, batez beste.
Karga lehorra % 3 inguru handitu da —edukiontzietako trafikoa, merkantzia orokor konbentzionala eta ontziratu gabeko solidoak hartzen ditu barnean, eta balio erantsi handienekoa da—.Haren barruan, nabarmentzekoa da merkantzia orokorraren hazkundea, bai edukiontzietan garraiatzen denarena (+% 4), bai edukiontzietatik kanpo garraiatzen denarena (+% 15). Bestalde, ontziratu gabeko solidoak % 2 ugaritu dira.
Jaitsiera txiki bat izan duen trafiko bakarra (–% 1) ontziratu gabeko likidoena izan da. Batez ere, gas naturalaren kontsumoa jaitsi delako gertatu da hori.
Esportazioen bultzada
Bilboko Portuko instalazioen bidez egiten diren esportazioen gorakadari lotuta dago trafikoen hazkundea: urtarriletik irailera, % 5 egin dute gora esportazioek, iazko aldi berarekin alderatuta. Inportazioak, berriz, iazkoen antzekoak dira.
Produktu hauen esportazioak handitu dira gehiena: zementua, gasolioa, petrolio-kokea, produktu siderurgikoak eta beste petrolio-produktu batzuk. Bestalde, produktu hauen inportazioak ari dira hazten: petrolio gordina, produktu siderurgikoak, gasolioa, olioak, produktu metalurgikoak eta elikadura-produktuak.
Merkatuen arabera, Europa atlantikoak jarraitzen du trafikoen ia erdiak hartzen, nahiz eta % 2ko jaitsiera izan duen. Gehikuntza izan dute, ostera, Erdialdeko Amerikak eta Karibek (+% 46) eta Asia pazifikoak (+% 22).