Bilboko Portuko Agintaritzak Logistikaren eta Manutentzioaren Nazioarteko Erakusketan (SIL) parte hartuko du aurten ere, eta hauei buruzko informazioa emango du: itsas eta tren-zerbitzuak, itsasoko autobideak, portuan bertan eta bere portu lehorretan erabilgarri dituen azalera berriak eta portuaren logistika, oro har.
Ekainaren 9tik 11ra egingo da, FIRAn (Montjuïceko esparrua, Bartzelona), eta Bilboko Portuko ordezkariak Basque Country Logistic-en standean egongo dira (A156 zenbakia, 8 pabiloia).
Ezagutzera emango dituzten berrikuntza intermodal nagusien artean, nabarmentzekoak dira Pancorboko (Burgos) tren-terminal logistikoa (TELOF) urbanizatzeko proiektuak, Arasurreko (Araba) tren-bazterbideko lanak eta Tuteran (Nafarroa) plataforma logistiko bat martxan jartzeko lanak. Proiektu horien bidez, Bilboko Portuaren lehiakortasuna handituko da, eta hiru proiektuak garatzen ari diren hinterlandeko enpresa esportatzaileek abantaila handiak izango dituzte.
Horrez gainera, hauen berri emango dute: likidoen eta solidoen trafikoa handitzeko egin diren lanak; negozio-aukera berriak sortuko dituen kai berri bat eraikitzeko proiektua; eta
e-puertobilbao plataforma telematikoan egin diren urratsak zerbitzua hobetzeko eta informazio-behar berrietara egokitzeko —esaterako, kontainerren pisu egiaztatua, uztailetik aurrera nahitaez adierazi beharrekoa—.
2015ean, Bilboko Portuko trafikoa 32,5 milioi tonakoa izan zen, alegia, % 5,12 hazi zen, tokiko trafikoa eta zuzkidura kontuan hartu gabe. Europa Atlantikoa Bilboko portuaren merkatu nagusia da (trafikoaren guztizkoaren % 37), baina Ipar Amerika Atlantikoak igoera handia izan du (% 15), eta dagoeneko trafikoaren % 16 da. Afrika Atlantikoa, berriz, % 108 hazi da, eta guztizkoaren % 10 da.