Berrogei bat lagunek, bost ontziren laguntzarekin, itsas kutsaduraren kontra egiteko Bilboko Portuan egin den urteko lehen simulakroan parte hartu dute. Hidrokarburoen kutsaduran oinarritu da simulakroa, eta, horretarako, isuri bat simulatu da portuko industrialdean; zehazki, Tepsaren eta Eserguiren instalazioetan.
Bilboko Portuko Agintaritzak koordinatu du jarduera, eta balio izan du probatzeko enpresen eta erakundearen beraren Ustekabeko Itsas Kutsaduragatiko Kontingentzien Barne Plana eta esku hartzen duten agenteen koordinazioa.
Tepsako eta Eserguiko langileek eta Portuko Agintaritzakoek parte hartu dute. Lehenengoek flotagailu zurrunen hesi batez inguratu dute isurigunea, eta Bilboko Portukoek hezi autopuzgarri bat zabaldu dute Evaristo de Churruca II atoiontzitik, gasolino baten laguntzarekin. Horrez gain, maniobretan, Ibaizabal 8 atoiontziak eta Amarradores-en Villa de Portugalete ontziak lagundu die.
Bilboko Portuak itsas kutsaduraren kontra egiteko ekipamendu
oso eta moderno bat du. Hain zuzen, halako larrialdiei erantzuteko bitarteko propio gehien dituzten Europako portuetako bat da. Portuko Agintaritzak, zehazki, zenbait motatako euste-hesiak ditu; guztira, lau edukiontzi, hots, 1.650 metro. Ekipamendu horrez gain, Bilboko Portuan dauden industria-enpresek —Petronorrek, Tepsak, Eserguik eta abarrek— hesiak dituzte, eta Amarradores-ek eta Remolcadores Ibaizabalek, bestelako baliabideak.