Intyermodal Europa azokan aurkeztuko du Bilboko portuak bere eskaintza logistikoa, lehorreko portuen sarea, zeinaren bidez bultzatzen duen trenarekiko lotura eta Euskadiko beste garraio-azpiegitura batzuekiko sinergiak. Hanburgon izango da azoka, azaroaren 17tik 19ra. Halaber, azpiegiturei eta Europako iparraldearekiko eta Atlantikoaz haraindiko itsas lineei buruzko nobedadeen berri ere emango du Bilboko Portuak azoka horretan.
Basque Country Logistics-eko D60 standean jardungo dira Bilboko Portuko Agintaritzako ordezkariak. Enpresen arteko harremanetarako topagune izango da stand hori, eta han azalduko dute Bilboko Portuko ordezkariek zein estrategikoa den Euskal Herriaren kokapena Europako hego-ekialdean, bai iberiar penintsularako sarbide gisara, bai munduko gainerako lurraldeekiko lotune modura.
Portuan trenbideko trafikoa sustatzearen alde
Portuko instalazioetara trenez sartzen den edo handik trenez ateratzen den trafikoa % 18 hazi zen 2014an. Merkantzia orokorraren % 15 garraiatzen da trenez, eta edukiontzi-trafikoaren % 19. Tren-kopuruari dagokionez, 3.987 unitate pasatu ziren iaz portutik, hau da, 2013an baino 520 gehiago.
Gaur egun, tren-zerbitzu intermodalek Bilboko Portuarekin lotzen dituzte Gasteiz, Burgos, Madril, Guadalajara, Sevilla, Zaragoza, Nafarroa, Bartzelona, Castelló, Valentzia eta Murtzia. Azken hori —zeina Nonduermasetik ateratzen baita— hozkailu-tren bat da, eta, oraingoz, astean bi bidaia egiten ditu.
Eremu logistikoen sarea handitzen eta sustatzen ari da Portuko Agintaritza, Pancorbon (Burgos) eta Arasur-en (Araba); horrekin batera, intermodalitatea ere ari da bultzatzen, SIBPort sozietatearen bitartez, zeinaren akziodun nagusia baita.
Bilboko Portuak 30,8 milioi tonako merkantzia-mugimenduarekin itxi zuen 2014a; hau da, % 4ko hazkundea izan zen aurreko ekitaldiarekin alderaturik. Bilbo Europa Atlantikorako atea da, eta liderra Erresuma Batuarekiko trafikoan. Halaber, nabarmentzekoa da hazkunde handia izan duela Asiako Pazifikoarekin eta Erdialdeko Amerika eta Karibe inguruarekin duen trafikoak. 2014an, ontzi guztien kopurua hazteaz gain, elikagai-produktuek eta proiektu-kargak ere gora egin zuten.