Bilboko Portuko Agintaritzak Logistikaren eta Manutentzioaren Nazioarteko Erakusketan (SIL) parte hartuko du aurten ere. Ekainaren 9tik 11ra egingo da, FIRAn (Montjuïceko esparrua, Bartzelona). B210 standean, eta Basque Country Logistic markarekin, portuko ordezkariek azpiegituren eta zerbitzuen inguruko berrikuntzak azalduko dituzte, eta, bereziki, Burgoseko (Pancorbo) eta Gasteizko (Arasur) bezero eta erabiltzaileentzat esklusiban garatzen ari den portu lehorren berri emango dute. Pancorbok 750 metroko trenbide bat du jada, trenak bidaltzeko eta hartzeko, eta 6.750 eta 100 metroko bi trenbide hil elektrifikatu, maniobrak egiteko. Bestalde, Arasurrek 450 metroko bi trenbide izango ditu. Bi eremu logistiko horietan, trenbideak bide-zabalera iberiarrekoak dira, eta nazioarteko zabalerara aldatzeko aukera dute.
Bilboko Portuak 30,8 milioi tonako merkantzia-mugimenduarekin itxi zuen 2014a; hau da, % 4ko hazkundea izan zen aurreko ekitaldiarekin alderaturik. Bilbo Europa Atlantikorako atea da,
eta liderra Erresuma Batuarekiko trafikoan. Halaber, nabarmentzekoa da hazkunde handia izan duela Asiako Pazifikoarekin eta Erdialdeko Amerika eta Karibe inguruarekin duen trafikoak. 2014an, ontzi guztien kopurua hazteaz gain, elikagai-produktuek ere gora egin zuten; bereziki kontserbek (+% 10) eta proiektu-kargak (+% 36).