Trafikoa % 4 hazi da, 35,6 tonaraino
Ontziratu gabeko likidoek (+707.000) eta kontainerreko merkantziak (+343.000) izan dute gorakada handiena
Erresuma Batuak jarraitzen du lehenengo merkatua izaten, bai trafiko totalean (% 10), bai karga lehorrean (% 19)
Negozio-zifra % 2,6 hazi da, eta inbertsioa 48,7 milioira heldu da
2018ean, Bilboko itsas portuko trafikoa 35,6 milioi tonakoa izan da, alegia, % 4 hazi da (+ 1,4 milioi tona), tokiko trafikoa eta zuzkidura kontuan hartu gabe. Hazkunde berri horrek % 23ko hazkunde metatua eragin du 2013tik; urte horretan hasi zen igartzen susperraldi ekonomikoa.
Atal guztietan izan dira hazkundeak. Ontziratu gabeko likidoek 707.000 tonako (+ % 4) gorakada izan dute; hau da, trafiko totalaren igoeraren erdia. Merkantzia orokorra, zeinak balio erantsi handiena baitu portu-komunitaterako, 467.000 tona hazi da (+ % 5), eta errekor berri bat ezarri da, kontainerreko merkantzia % 5 hazi baita (+ 343.000 tona). TEU kopuruak % 5,5 egin du gora, 638.447raino; beraz, 2014ko errekorra gainditu da. Bestalde, merkantzia konbentzionalak 124.000 tonako hazkundea (+ % 4) izan du. Ro-ro trafikoak ere % 6ko hazkundea izan du, eta merkataritza konbentzionalaren % 24 jada ro-ro motakoa da.
Azkenik, ontziratu gabeko solidoak ere % 5 inguru hazi dira (+ 215.000 tona).
Petrolio gordina, produktu siderurgikoak, produktu kimikoak eta gasolina dira trafiko nagusiak. Bestalde, hazkunde handienak, tonatan, produktu hauek izan dituzte: petrolioa, produktu kimikoak, gasolina, fuel-olioa, gas naturala, bioerregaiak, mineral ez-metalikoak eta produktu siderurgikoak.
70 itsasontzi gehiago daude (2.925 atrakaleku guztira), eta batez besteko tamaina % 2,6 hazi da. Ontziratu gabeko likidoetarako eta merkantzia orokorrerako ontzi gehiago izateak eragin du hazkunde hori.
Portuko trenbide-trafikoa % 12 hazi da, 2017ko datuekin alderatuta. Hazkunde horrekin, merkantzia orokorrara, kontainerretan, % 23k erabiltzen du trenbidea jada.
Bidaiarien trafikoari dagokionez, 200.631 pertsona irten edo sartu dira Bizkaian ferryan edo gurutzaontzian (+ % 7,5), eta kopuru hori errekorra da. Ferryak, zeinak Bilboko Portutik Portsmoutherainoko ibilbidea egiten baitu astean hirutan, 132 eskala eta 59 gurutzaldi egin ditu.
Jatorriari eta helmugari dagokienez, trafikoaren % 32ren jatorria edo helmuga Europa atlantikoa da, Ipar Amerika atlantikoa, trafikoaren % 17rena, eta Afrika atlantikoa, % 8rena.
Herrialdeka, Erresuma Batua da merkatu nagusia, bai trafiko totalean, bai karga lehorrean.
Negozioaren bolumena % 2,6 hazi da, eta portuko tasek behera egin dute
NEGOZIO-ZIFRA 70,6 milioi eurokoa izan da, eta, aurreko ekitaldiko aldi berean, 68,8 milioikoa izan zen; beraz, % 2,6ko hazkundea izan da.
Aipatzekoa da Portuko Agintaritzak, Bilboko Portua lehiakorragoa egiteko estrategiarekin bat etorriz, Merkantziaren Tasa (T3) % 10 jaisten hasi zela uztailean; horri esker, Portuko bezeroek 1,2 milioi aurreztu dituzte 2018an, eta, hala ere, adierazitako fakturazio-hazkundearekin amaitu da ekitaldia.
Horregatik, Bilboko Portuko Agintaritza prest dago portuko zerbitzu-eremuko lur eta uren balorazio berriari lotutako okupazio-tasa murrizteko. Aurreikusten da Sustapen Ministerioak 2019an onartzea tasa-jaitsiera hori.
Bestalde, 37,4 milioi euroko balioko baliabideak sortu dira (Ebitda).
2018ko ekitaldian, 10 milioiko zorpetze gehigarria jarri da, erdiko kai-muturraren lehenengo fasea finantzatzeko. Banku-zor garbia 42,5 milioi eurokoa da, 1,14 aldiz Ebitda. Beraz, enpresak zorpetze-profil ertain-baxua dauka, eta kaudimen-adierazle sendoak.
Finantza-egoera saneatuari esker eta Bilboko Portutik igarotzen den merkantziaren kostua murrizteko estrategiarekin bat, portuko tasak 5,6 milioi euro arte murrizten joango dira gradualki 2022ra bitartean; zenbateko hori fakturazio totalaren % 7,5 da, eta bat dator 2018-2022 aldirako Plan Estrategikoan aurreikusitakoarekin.
Bestalde, Europako Batzordearen 794.355 euro kobratu dira, CEF 2015 Connecting Europe Facilities programaren baitan, erdiko kai-muturraren lehenengo faseko obrak finantzatzeko.
Amaitzear da erdiko kai-muturraren lehenengo fasea
PORTUKO AGINTARITZAREN INBERTSIO propioari dagokionez, erakundeak 48,7 milioi euro inbertitu ditu 2018an, aurreikusten ziren 49 milioietatik; hau da, aurreikusitako inbertsioen % 99 egin dira. 2019ko ekitaldirako, berriz, 61,3 milioi inbertitzea aurreikusten da.
Aurreko ekitaldian bi obra estrategiko eta berrikuntza, digitalizazioa eta jasangarritasuna uztartzen dituen proiektu bat bukatu dira: jarduera logistiko-industrialetarako nabe bat (17,59 milioi), ro-ro arrapala bat (2,74 milioi) eta argiztapen eraginkorraren instalazioa (1,9 milioi).
Martxan diren proiektuk, berriz, hauek dira:
Erdiko kai-muturraren lehenengo fasea — Future Proofing Bilbao eta Luceroko harrobi zaharra egonkortzeko lanak Bi obrak, zeinak erlazionatuta baitaude, 2016ko irailean hasi ziren, eta, 2018ko urriaren erdialdean, erdiko kai-muturra betetzen bukatzeko erabiliko den hondarra ateratzen hasi ziren. Bigarren fase hori otsailean amaituko da, eta, gero, egiturak errematatu eta perimetroa itxiko da. Obrak 2019aren amaieran bukatuko dira, eta, harrobia egonkortzeaz gainera, 334.000 m2-ko azalera eta 1.081 m-ko atrakalekua (21 m-ko sakonerakoa) irabaziko zaizkio itsasoari. Lortuko den azalera hori nasak izango dituen 600.000 m2-en erdia baino gehixeago izango da.
Obraren aurrekontua 74 milioi euro da. Europako Batzordeak % 20 jarriko du, Connecting Europe Facility (CEF) programaren bidez. Paraleloki, Portuko Agintaritzak 1,5 milioi bideratzen ditu ingurumeneko segimendu-planera.
Nasa horrekin, portuaren okupazio-maila (gaur egun, % 87 ingurukoa) murriztuko da, eta, hala, beste enpresa-proiektu batzuk hartzeko aukera berriak izango dira.
Udondoko dartsena (Erandio) betetzea. Dartsena beteta, 22.700 m2-ko zabaldegi bat eratuko da itsasadarrean jarduera industrialak egiteko, eta zamaketa-nasetarako sarbidea izango da. Obrak 2018ko otsailean hasi ziren, 2,7 milioiko zenbatekoa dute, eta 2019ko udaberrian bukatuko dira.
Arasurreko merkantzia-bazterbidearen urbanizazioa. Obrek 4,82 milioiko aurrekontua dute, eta udaberrian bukatuko dira.
INBERTSIO PRIBATU hauek gauzatu dira:
Haizea Wind instalazioa, offshore instalazioetarako dorre eolikoak eta itsas egiturak fabrikatzeko (42,4 milioi).
Kontainerren terminalean ate automatikoen sistema instalatzea Noatum Container Terminal Bilbao enpresak (2,6 milioi).
Erregaiak biltegiratzeko terminala, DBA Bilbao Port enpresarena (2,3 milioi).
Merkantzia paletizaturako Progecoren nabe logistikoa (873.000 euro).
2019an proiektu hauek bukatuko dira:
Noatum Container Terminal enpresak bere trenbide-terminala hedatzea (9,4 milioi).
Consignaciones Toro y Betolaza enpresaren merkantzia orokorreko terminal berria egokitzea (5 milioi).
ASK Chemicals enpresaren instalazio kimikoaren bigarren fasea (5 milioi).
Cespa Gestión de Residuos enpresaren hondakin industrialak tratatzeko instalazioa (1,4 milioi)
Saisa Port enpresaren ontziratu gabeko solidoetarako biltegia (1,3 milioi).