Gaur, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (Mitma), Bilboko Portuko gurutzaontzien terminalaren inguruan, PolEx 22 (Pollution Exercise) izeneko itsas kutsadurari aurre egiteko salbamendu eta borrokari buruzko simulazio bat egin du. Merkataritza Itsasketako eta Itsas Salbamenduko Zuzendaritza Nagusiak antolatu du jarduera hori, itsas larrialdietan parte hartzen duten erakunde guztien arteko krisiaren koordinazioa eta kudeaketa hobetzeko, segurtasun-estandarrak mantentzen direla baieztatzeko eta gertakarian parte hartzen duten langileen trebakuntza-maila egiaztatzeko.
Sasemarko itsas eta aire-baliabideen operatibo zabal batek parte hartu du ekitaldian, eta Guardia Zibilak, Ertzaintzak, Gurutze Gorriak, Aduana Zaintzak eta Bilboko Portuko Agintaritza berak baliabideak gehitu dituzte. Azken horrek euste-hesia zabaldu du, Evaristo Churruca II atoiontziarekin eta Hirurak bat ontzi osagarriarekin.
Bilbora doan karga orokorreko ontzi baten eta arrantza-ontzi baten arteko talka simulatzea izan da ariketa. Istripua dela eta, 70 tona fuel-olio inguru isuri dira itsasora lehen ordu-erdian, eta arrantza-ontziko tripulazioko kide bat ere zauritu da.
Ariketan zehar kutsaduraren aurkako hesi bat zabaldu da Maria de Maeztu salbamendu-atoiontzitik, Salvamar Alcyone itsasontziaren laguntzaz, eta aireko baliabideek zauritua lurrera eraman dute. Era berean, Itsas Plan Nazionala larrialdiko 2. egoeran aktibatu du krisi-kabineteak.
Garraio eta Hiri Mugikortasuneko idazkari nagusi María José Rallo del Olmok aurkezpen-ekitaldian parte hartu du, eta azpimarratu du oso garrantzitsua dela horrelako “entrenamenduak” egitea. Izan ere, entrenamendu horiek eraginkorragoak egiten dituzte, zalantzarik gabe, gizakien erreskatearekin edo itsasontziek itsasoan eragindako kutsaduraren aurkako borrokarekin lotutako benetako larrialdiak gertatzen direnean emandako erantzunak.
Bestalde, Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak eskerrak eman dizkio Mitmari simulaziorako portu hori aukeratu duelako, eta nabarmendu du prebentzioa oinarrizkoa dela. Hori dela eta, horrelako larrialdiei aurre egiteko Bilbao berezko baliabide gehien dituen Europako portuetako bat bilakatu da.
Simulazio osoa zuzenean ikusi ahal izan da Bilboko Portuko Agintaritzak Getxon duen gurutzaontzi-terminaletik, Euskal Autonomia Erkidegoan gertatzen diren itsas larrialdietan parte hartzen duten erakunde nazional, autonomiko eta lokaletako agintari eta ordezkarien aurrean.
Informazio gehiago nahi izanez gero, simulazioaren bideoa streaming bidez ikus dezakezue Mitmako youtube kanalean