Bilboko Portuko Agintaritzak, Uniport-ekin eta portuko komunitateko enpresekin batera, ACCOEk -Espainiako Zereal eta Oleaginosoen Merkataritza Elkarteak- antolatzen duen ENOC – Zereal Operadoreen XXII. Topaketa Nazionalean parte hartuko du martxoaren 27an, Zaragozan.
Topaketa honek brokerren, operadoreen, enpresen eta zerealen, olio-landareen, aleen eta horien eratorrien nazioarteko merkataritzan diharduten profesionalen arteko merkataritza- eta negozio-harremanak sustatzen ditu. Hitzaldiak eta networking-a izango dira egitarauan.
Nekazaritzako elikagaien sektorean espezializatutako portua da Bilbao. Bere instalazioetatik salgai mota honen hiru milioi tona inguru mugitzen dira. Trafiko horren % 34 soja-babak dira, eta atzetik datoz olioak eta koipeak, ardoak eta edariak, zerealak eta haien irinak, edo pentsua eta bazka.
Portu-komunitatean biltzen dira nekazaritzako elikagaien, bioerregaien eta gainerako nekazaritza-produktuen logistikari lotutako produktu- eta zerbitzu-sorta zabala duten enpresa ugari: agentzia, pleitamendua, portuko maneiua, biltegiratzea, errepideko garraioa, aduana-bulegoa edo kalitate-ziurtagiriak. Trafiko-mota horri zerbitzua ematen dioten enpresen artean daude Bergé Marítima, Consignaciones Toro y Betolaza eta Servicios Logisticos Portuarios (SLP) zamaketa-enpresak; Acideka, Bunge, Depósito Portuarios eta Tepsa industria-enpresak; eta egiaztapen-zerbitzuak eskaintzen dituen SGS enpresa.