Portu eremuko, energia-sektoreko eta enpresako profesionalek topaketa batean parte hartu dute, portuek gune jasangarri gisa duten etorkizunari buruz hausnartzeko.
Energia-trantsizioaren testuinguruan portuek eduki behar dituzten aukerak eta erronkak aurkeztea eta aztertzea, horixe izan da Bilboko Portuko Agintaritzak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak gaur Bilboko Portuan antolatu duten “Portuen zeregina energia-trantsizioan” jardunaldiaren helburua.
Topaketan, portu eremuko, energia-sektoreko eta enpresako hizlari ugarik portuek gune jasangarri bihurtzeko gainditu beharreko funtsezko alderdiak aztertu dituzte. Halaber, azaldu egin dituzte aldaketa demografiko, teknologiko eta jasangarritasunetara egokitzeko Europako portuetan energia-eraginkortasunaren, deskarbonizazioaren eta jasangarritasun ekologikoaren arloan egiten ari diren jarduera nagusiak. Faktore horiek portuen funtzioa zehazten ari dira, baita zerbitzua ematen dieten komunitateen sare ekonomiko eta sozialean duten lekua ere.
Jardunaldia Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidentearen ongietorriarekin hasi da, eta portuetan energia-trantsizioa egiteko beharra esaldi bakar batean laburbildu du: “jasangarritasuna sine qua non baldintza da portuentzat”. “Energia-trantsizioak, gure planetarekiko eta haren etorkizunarekiko konpromisoaz gain, portu lehiakorragoa bihurtuko gaitu zentzu guztietan. Lehiakorrak izan gaitezke jasangarriagoak izaten. Ez dira aurkako kontzeptuak”, azpimarratu du.
Barkalak Bilboko Portua jasangarritasuna lortzeko gauzatzen ari den estrategia nagusiak ere nabarmendu ditu, hala nola energia eolikoaren ordezko erregaiak portuan hedatzea, kaiak elektrifikatzeko BilbOPS proiektua, hidrogeno berdearekin erregai sintetikoak ekoizteko eta CO2 harrapatzeko lurzorua eskuragarri jartzea, edo berrikuntzaren aldeko apustua Bilbao PortLab-en bidez.
Bestalde, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaileak, Macarena Larreak, Orkestrak berriki argitaratu duen ‘Portuen zeregina energia-trantsizioan’ txostenaren ondorio nagusiak azaldu ditu. Txosten horren arabera, nabarmendu duenez, “portuak bazkide estrategikoa dira deskarbonizazioaren eta jasangarritasunaren erronka nagusiei erantzuteko bi eremu handitan: batetik, itsas garraioaren eta portu-jarduera jasangarriagoaren bultzatzaile gisa, erregai jasangarriagoak sustatuz, portuko jarduerak deskarbonizatuz edo eskalak optimizatuz, besteak beste; eta, bigarrenik, portuko itsas klusterren kate-maila gisa, bai kate logistikoen eragile garrantzitsu gisa, bai itsas energien garapenerako, adibidez”. Era berean, Larreak nabarmendu duenez, “portuek dituzten erronkak gainditzeko beharrezkoa da digitalizazioaren eta automatizazioaren, irizpideen bateratzearen, nazioarteko elkarrizketaren, eragileen arteko lankidetzaren, I+G+B jardueren eta finantziazio-iturri berrien garapenaren alde egitea”.
Ondoren, EEE – Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak euskal energia-estrategiari eta portuek itsas energien proiektuetarako hub gisa duten garrantziari buruz hitz egin du. Bere hitzaldian, Ansolak zorionak eman dizkie Orkestrari eta Bilboko Portuko Agintaritzari “herrialde-mailako estrategia bat duen ekitaldia antolatzeagatik. Izan ere, portuak oso garrantzitsuak dira aberastasuna sortzeko eta, historikoki, gure herrialdearen bultzada ekonomikorako, eta, gainera, ekarpen handia egiten diote lortu nahi dugun energia-errealitate berriari: ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik jasangarria, non energia berriztagarriek gero eta leku handiagoa duten eta kanpo-mendekotasunik gabeko hornikuntza-bermeak eskaintzen dituzten”.
Ondoren, Bilboko Portuko Agintaritzako zuzendari nagusiak hartu du hitza, Carlos Alzagak, Bilboko Portuan orain arte egin diren trantsizio energetikoaren alorreko proiektuak aurkezteko, eta laster gauzatuko direnak aurreratzeko. Besteak beste, BilbOPS proiektua nabarmendu du, Bilboko Portuan kaiak elektrifikatzeko eta instalazio fotovoltaiko elkartua jartzeko. Ekintza horrek “Green Port izateko helburura hurbilduko du Bilboko Portua”. “Asmo handiko proiektu konplexua da, dagoeneko martxan dagoena, eta poz handia emango diguna” azpimarratu du. “Ontzi-enpresei zerbitzu berria ematen diegu eta, aldi berean, herritarren ongizateari laguntzen diogu. EBk finantzatutako proiektu horri esker, 2025ean, bibrazioez eta zaratez gain, berotegi-efektua eragiten duten gasak % 40 murriztuko ditugu”.
Petronorreko Pertsona, Antolakuntza, Erakunde Harreman eta Finantza Saileko zuzendariak, José Ignacio Zudairek, ‘Petronorreko Deskarbonizazio Hub-a: proiektu industrial aitzindaria, jadanik martxan dena” ponentzia aurkeztu du. Zudairek nabarmendu duenez, “Bilboko Portua beti egon da energia-jarduerei lotuta, eta, zehazki, Petronorren sorrerari. Eginkizun hori erabakigarria izango da etorkizunean ere, ondo komunikatutako azpiegiturak izango baitira, espazio prestatuetan eta horiek garatzeko aukera emango dutenak. Gaur egun, Petronorrek, fintze-jardueraz gain, dibertsifikazio-proiektu garrantzitsuak ditu, industria eta teknologia batera doazen energia-trantsizioan oinarrituta. Testuinguru horretan, Zudairek adierazi du “Euskadin ez genukeela ulertuko, eta ez dugula egin behar binomio hori gabeko energia-trantsiziorik. Energia-trantsizioa, horniduraren segurtasunean, ingurumenean eta prezioan oinarritua.
Ondoren, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Energia eta Ingurumenaren Labeko koordinatzaile Jorge Fernándezek mahai-inguru bat moderatu du energia-trantsizioak portuei planteatzen dizkien erronkei eta irtenbideei buruz, eta etorkizunean portuek ekonomiaren deskarbonizazioan eta garraio jasangarriagoa bultzatzeko aliatu estrategiko gisa izango duten zereginari buruz. Iñigo Ansolak, José Ignacio Zudairek eta Andima Ormaetxek, Bilboko Portuko Agintaritzako merkataritza-, eragiketa- eta logistika-zuzendariak, parte hartu dute eztabaidan.
Jardunaldia amaitzeko, Ekaitz López Bilboko Portuko Agintaritzako ekonomia- eta finantza-zuzendariak Topaketaren ondorioak aurkeztu ditu.
Portu Jasangarriei buruzko Biltzarra, jasangarritasunaren aldeko beste hitzordu bat
Azaroaren 8an eta 9an, Bilboko Euskalduna Jauregian, Portu Jasangarriei buruzko Nazioarteko Biltzarra egingo da. Kongresua Bilboko Portuko Agintaritzak antolatu du Bilboko Merkataritza Ganberarekin batera, sektore horretan jasangarritasunaren arloan garatzen diren estrategiak eta jarduerak identifikatu eta ezagutzera emateko.
Portu Jasangarriei buruzko Kongresuak hainbat gai jorratuko ditu hiru multzo tematiko nagusitan: gobernantza eta etika, osasuna eta ongizatea, eta klima eta energia. Bigarren egunean, mahai-inguru bat egingo da Portua eta Hiria harremanean sakontzeko. Jasangarritasunean adituak diren profesional ezagunak izango dira bertan, hala nola Gunter Pauli ekonomialari belgikarra, «Jasangarritasunaren Steve Jobs» bezala ezaguna; Carola Hein, portuen garapenari eta horiek ingurunearekin duten loturari buruzko artikulu askoren egilea; eta, Lehiaren Euskal Agentziarekin lankidetzan, Jan Hoffman itsas konektagarritasunean aditua.
Ekimen honen bidez, Bilboko Portuko Agintaritza erreferentzia izango da estatu mailan portu-esparruan jasangarritasunaren arloko jardunbide egokiak sustatzeari dagokionean, eta Euskadi topagune bat izango da, non administrazioek, enpresek, herritarrek eta ingurune akademikoak portu-ingurunerako iraunkortasun-estrategia komuna sortzeko ezagutzak, esperientziak, teknikak eta tresnak partekatuko dituzten, 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuen barruan sar daitezen.