2022an, Bilboko Portuak 32,7 milioi tona mugitu zituen, 2021ean baino 1,5 milioi gehiago; hau da, % 5,1eko hazkundea izan zuen, interes orokorreko portuen batezbestekoa baino handiagoa (+% 3). Trafikoak ez dira oraindik pandemia aurreko datuetara iristen, baina datozen sei urteetarako sinatutako zamaketa-hitzarmena eta gero, eta martxan dauden inbertsioei eta proiektu publiko zein pribatuei esker, oinarriak jarri dira hazkunde horrek aurrera egin dezan eta Bilbao portu lehiakorragoa izan dadin, trafiko berriak erakar ditzan, bere hinterland-a zabal dezan eta jasangarriagoa izan dadin.
Ontziratu gabeko salgai likidoak, ibilgailuen trafikoa eta proiektu-karga hazten ari dira
Guztizko trafikoaren bilakaera positiboa, batez ere, ontziratu gabeko likidoen hazkundeari zor zaio. Izan ere, ontziratu gabeko salgai horiek % 15 hazi dira, neurri handi batean, energia-egoera globalaren eraginez, eta horrek agerian uzten du Portuak energia-hub gisa duen garrantzia. Petrolio gordina eta gasa dira nagusi trafiko orokorrean,% 30 eta % 34 igo baitira, hurrenez hurren.
Ohiko merkantzia orokorra % 2 igo da, eta edukiontzietan garraiatutakoak, berriz, % 4,5 egin du behera. Edukiontziaren jaitsiera ekonomiaren moteltzearen ondorio da, batez ere, Europan, eta, bereziki, Erresuma Batuan, herrialde hau dela, oraindik ere, Portuko merkatu nagusia. Jaitsiera hori portu-sistemarena baino pixka bat txikiagoa da, % 5 baino zertxobait gehiago jaitsi baita, nahiz eta errepideko garraioak ere itxiera negatiboan eragin duen.
Ontziratu gabeko solidoak % 19 jaitsi dira zementuagatik, klinkerragatik eta kareharrizko hareagatik, nahiz eta azken hilabeteetan berriro ere gora egiten hasi diren. Nabarmentzekoa da, aurten ere, ro-ro zirkulazioaren hazkundea (+% 16), eta, proiektu-karga deritzonaren barruan, osagai eolikoak, % 20 hazi baitira.
Ontzien tamaina, berriz, % 24 hazi da, petrolio-ontzi, gas-ontzi eta gurutzaontzi gehiago sartu direlako. Merkatuka, Estatu Batuak, Brasil eta Irak dira gehien hazi diren herrialdeak; Errusiarekiko trafikoa, berriz, erdira jaitsi da.
2023ko salgai-trafikoaren portaerari buruzko AURREIKUSPENEI dagokienez, ziurgabetasun ekonomikoa eta geopolitikoa mantentzen den arren, espero da zifra positiboak izatea ontziratu gabeko likidoetan eta karga lehorrean. Zamaketa-hitzarmena sinatu eta sustapen- eta merkataritza-lana handitu ondoren, trafiko berriak erakarriko dira pixkanaka, Bilbao portu
lehiakorragoa delako eta lan-gatazkak desagertuko direlako. Halaber, martxoan, Brittany Ferries-en ro-ro zerbitzu guztiak berrabiaraziko dira; beraz, astean sei ferry-eskala egingo dira Erresuma Batuarekin eta Irlandarekin (horietako lau bidaiariekin ere bai), eta edukiera handiagoko ontziekin. Edukiera handiago hori Finnlines-ko Europako iparraldearekin ro-ro ontzietan ere nabarituko da.
Horrez gain, Ellerman City Liners ontzi-enpresa britainiarrak asteroko zuzeneko zerbitzua jarri du martxan Bilboko Portuaren eta Estatu Batuetako ekialdeko kostaldearen artean, edukiontzien garraio multimodalerako.
Errekorra bidaiari- eta gurutzaontzi-kopuruan
2022an, 214.028 lagunek bidaiatu zuten ferryetan edo gurutzaontzietan. Kopuru hori inoiz baino handiagoa izan zen, % 190 gehiago. Bidaiari horien erdia gurutzaldietan etorritakoa da, eta Getxoko terminalera iristen da; beste erdiak, berriz, Erresuma Batura edo Irlandara bidaiatzen du, eta Brittany Ferries-en Zierbenako terminalean lehorreratzen da. Jaso den ferry kopura 163 izan da (2021ean baino 14 ontzi gehiago), eta gurutzaontziena, 78 (aurreko ekitaldiarekiko 64 ontzi gehiago).
2023rako bidaiari-trafikoaren AURREIKUSPENAK bikainak dira, eta aurtengo zifrak gainditzea espero da.