Bilboko Portuak aktiboki parte hartuko du Houstoneko Breakbulk Americas 2015 azokan, beste karga-bidaltzaile batzuekin batera —hala nola Gamesa—, urriaren 6tik 8ra. N1515 standean egoteaz gain, portuko ordezkariek aurrez adostutako zenbait topaketa egingo dituzte Ipar Ameriketako karga-bidaltzaileekin, eta, topaketa horietan, gaur egun Bilbo-Houston zuzeneko konexioan martxan diren ozeanoan zeharreko Breakbulk lineen berri emango zaie. Hain zuzen ere, linea horiek, besteak beste, lagungarriak dira Bilboko badia erreferentziako hub gisa posizionatzeko Breakbulk kargetan eta proiektuetan, korridore atlantikoko zentro logistiko eta intermodal handienetako bat denez gero.
Bidaia komertzial horren ekitaldi nagusi gisa, Portuko Agintaritzak mintegi bat antolatu du. Haren ondoren, enpresa-afari bat egingo dute, eta han izango dira Asier Atutxa lehendakaria eta Luis Gabiola Eragiketetako, Arlo Komertzialeko eta Logistikako zuzendaria, Iñaki Iriarte Gamesako Logistikako zuzendaria eta Ricardo Arias Houstoneko Portuko garapen komertzialeko arduraduna. Logistikaren eta industria-, energia- eta siderometalurgia-proiektuen sektoreko enpresak joango dira topaketara.
Hazten ari den trafiko-mota bat, eta instalazio berriak
2014an, proiektu-kargak % 36 hazi ziren Bilboko Portuan; hango operadoreek zerbitzu espezializatu eta bizkorra eskaintzen dute.
Bilboko Portuak errepide eta trenbide bidezko sarbide azkar eta errazak ditu Iberiar penintsularen eta Frantziako hegoaldearen
artean.
Horrez gain, portuko eremu berrien garapenak (1991n hasi zen) terminal eta eremu berriak eskaintzen ditu industriak kokatzeko.
Iaz, Gamesak (munduko industria eolikoko teknologia globaleko enpresa nagusietako bat) zentro bat instalatu zuen portuko kaietan merkantzia handiak —hala nola industria eolikorako laguntza-egiturak eta osagai nagusiak— kargatzeko, deskargatzeko eta biltzeko.
Bestalde, ekipamendu-ondasunen arloko Lointek enpresak ekoizpen-instalazio bat eraiki du aurten Bilboko Portuan, lehiakorrago izateko eta merkatuak zabaltzeko. Hari esker, hutsean 1.000 t baino gehiagoko pisua, 12 metrorainoko diametroa eta gutxienez 50 metroko luzera duten ekipamenduak ekoitzi ahal izango ditu.