2014an, pieza handien trafikoa % 36 handitu zen portu honetan
Bilboko Portuko ordezkariek portu honetan proiektu-zametarako eskaintzen diren azpiegituren eta zerbitzuen berri emango dute, Basque Country Logistics markaren pean, Breakbulk Europe azokan. Azoka maiatzaren 19tik 21era egingo da, Anberesen.
2014an, pisuagatik, luzeragatik, zabaleragatik edo garaieragatik garraiatzeko pieza berezitzat katalogatuta dauden 4.684 pieza ontziratu ziren portu honetan; hots, 2013an baino % 36 gehiago. Nagusiki portuaren eragin-eremuko industrien nazioarteratzeak ekarri du Bilbok proiektu-zametan espezializatutako portu bat izatea.
Halaber, iaz, Gamesa Eólicak (munduko industria eolikoko teknologia globaleko enpresa nagusietako bat) merkantzia handiak, hala nola industria eolikoko laguntza-egiturak eta osagai nagusiak, kargatzeko, deskargatzeko eta biltzeko zentro logistiko bat instalatu zuen A3 kaian.
Bestalde, ekipamendu-ondasunen arloko Lointek enpresa ekoizpen-instalazio bat eraikitzen ari da Bilboko Portuan, lehiakorrago izateko eta merkatuak zabaltzeko. Hutsean 1.000 t baino gehiagoko pisua, 12 metrorainoko diametroa eta gutxienez 50 metroko luzera duten ekipamenduak ekoitzi ahal izango ditu.
Portuaren abantaila lehiakorrak
Bai Lointek enpresak bai Gamesa enpresak hainbat
arrazoirengatik aukeratu dituzte Bilboko Portuko instalazioak: Kantauriko portu nagusia delako bolumenari eta zerbitzuei dagokienez, “giltza eskura” eremu bat duelako Kanpoko Abran, Portuko Agintaritzak erraztasunak eskaintzen dituelako kokapena bizkor egiteko, eta portu honetan bost kontinenteekin lotzen duten itsas linea ugari daudelako. Nazioarteko edozein merkatutara hel daitezke Bilboko Portutik.
Enpresa hauek dihardute Bilbon merkantzia arruntaren garraioan: BBC Chartering, BSLE, Caribean Shuttle- Spliethoff´s, Chipolbrok, CCNI, Duferco, Euroáfrica, Finnlines, Gamesa, Gearbulk, Hugo Stinnes, Ilva, Intraha, Jumbo,MACS, Nirint, Nordikmaritime, Normed, Onego, Puyvast Chartering, Rickmers, Safmarine, Sloman, Tata Steel, Thyssen, UAL eta Westfal.