Lehen seihilekoan, 15,3 milioi tona inguru kargatu edo deskargatu dira Bilboko Portuan, aurreko ekitaldiko denboraldi berean baino % 1,26 gutxiago. Hala ere, Agintaritzaren ustez, trafikoa handitu egingo da bigarren seihilekoan. Horrenbestez, azken hiru urteetako joerari jarraituz, ekitaldiaren amaierarako, trafikoaren hazkuntza % 2 ingurukoa izatea espero da; positiboa, beraz.
Lehenengo seihilekoaren metatua jaisteko arrazoiak hiru dira nagusiki: ontziratu gabeko likido gutxiago dabil (gas naturala eta fuel-olioa, kasurako); ontziratu gabeko produktu solido gutxiago (txatarra eta burdinazko briketak), ACB geldirik dagoelako; eta produktu siderurgikoen trafiko gutxiago, batez ere hodi-zamaketen esportazioen jaitsieragatik, petrolio-sektoreak jarduera murriztu baitu.
Bestalde, tonatan gehien hazi diren merkantziak hauek dira: gasolina, petrolioaren beste produktuen taldea, petrolio gordina, zementua eta klinkerra, produktu kimikoak, ikatza eta petrolio-kokea.
Nabarmentzekoa da, bestalde, pieza handien trafikoa ere hazi egin dela (proiektuak). Urtarrila eta ekaina artean, pisuagatik, luzeragatik, zabaleragatik edo garaieragatik berezitzat katalogatuta dauden 2.479 pieza ontziratu ziren. Kopuru hori aurreko urteko epe berekoa baino % 21 handiagoa da.
Gainera, portuko instalazioetara trenbidez sartzen den edo handik trenbidez ateratzen den trafikoak igotzen jarraitzen du. Urteko lehen seihilekoan, % 20 handitu da, eta trenbidez sartzen edo ateratzen den merkantzia-kantitatea totalaren % 6ra iristen da dagoeneko. Zama lehorrari bakarrik erreparatzen badiogu, % 13ra iristen da, merkantzia horri baitoakio ondoen garraio-mota hau.
Bidaiarien zirkulazioari dagokionez, % 43 handitu da. Bilbo-Portsmouth ferryaren bidaiari-kopuruak % 29 egin du gora; gurutzaontzietakoak, % 61.
ESPORTAZIOEK GORA EGIN DUTE
Esportazioek trafikoaren % 40 osatzen dute eta % 3 egin dute gora; inportazioek, berriz, trafikoaren % 60 osatzen dute, eta % 4 murriztu dira.
Merkatuei dagokienez, trafikoaren % 41ek Europa atlantikoa du jatorri edo xede. Iazkoa baino % 18 handiagoa izan da hango trafikoa. Bigarren merkatua Ipar Amerika atlantikoa da (% 3 handitu da), eta, ondotik, Erdialdeko Amerika eta Karibe dator (% 13 handitu da)
BPA-REN NEGOZIO-ZIFRAK ETA INBERTSIOAK GORA EGIN DUTE
Urteko lehen seihilekoaren negozio-zifra 32,1 milioi euro da, aurreko urteko epe berekoa baino % 0,12 handiagoa.
2016an, Bilboko Portuko Agintaritzak 78,1 milioi inbertituko ditu proiektu estrategikoetan, merkatua zabaltzeko eta trafiko berria erakartzeko. Erakunde honek azken urteetan egin duen inbertsiorik handiena da. Gogorarazi behar da erakundeak bere burua finantzatzen duela bere baliabide propioekin eta banku-kredituekin. Estrategikotzat jotzen diren proiektu puntualetan, EBren diru-laguntzak jasotzen ditu. Bidean dauden edo aurten bukatu diren proiektuak hauek dira:
- Erdialdeko Kai Muturra eraikitzeko lanen lehen fasea eta Punta Luceroko harrobia zena egonkortzeko lanak. Proiektu biak kontratu bakarrean esleitu ziren ekainean, nahiz eta lan desberdinak izan. 79 milioi euroko inbertsioa suposatzen dute. Europako Batzordeak zenbatekoaren % 20 jarriko du, Connecting Europe Facility (CEF) programaren esparruaren baitan. Obrak egiteko epea 39 hilabetekoa da guztira.
- Punta Sollanako dikea luzatzea. Lanak 2012an hasi ziren eta uda honetan amaituko dira. Inbertsioa 41,2 milioi eurokoa da, eta EBren kofinantziazioa du “Bilboko Portuaren Ingurumen Errendimenduaren Hobekuntza eta Eragiketa Eraginkorrak” proiektuaren TEN-T 2012 deialdiaren barruan.
- Pancorboko tren-terminal logistikoa urbanizatzeko lehen fasea. Lanak 2015eko abenduan esleitu ziren, eta aurten bukatuko dira, urte amaiera aldera. 4,5 milioiko aurrekontua dute.
- Arasurreko tren-bazterbidea. Inbertsioa Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin batera egin da, eta 5,3 milioikoa Lanak ekainean hasi ziren, eta 2017aren amaieran bukatuko dira.
- Getxoko gurutzaontzien kai berriko itsas estazioa eta ontziratzeko pasagune mugikorra. Inbertsioa 5,6 milioikoa Lanak aurten bertan hasi dira, eta 2017ko udaberrian amaituko dira.
- AZ2 eta AZ3 kaien arteko zabaldegien artean dagoen gela betetzea. Lehen seihilekoan hasi eta bukatu dira lanak. Inbertsioa1,5 milioikoa izan da.