Martxoaren 20tik 22ra, Bilboko Portuko Agintaritzak WindEurope-n parte hartuko du, Bilbao Exhibition Centren (BEC) sektore eolikoko enpresak eta erakundeak bilduko dituen ekitaldian. UniportBilbaorekin batera, 1. Hall, A60 standean kokatutako bere erakustokitik Europako eta munduko industria eolikoko profesionalei eolikoen hub gisa egiten duten ekarpena azalduko die.
Halaber, Portuko Agintaritzako Eragiketetako, Merkataritza, Logistika eta Estrategiako zuzendari Andima Ormaetxek ‘Onshore power supply portuen deskarbonizaziorako elektrifikazioaren bidez’ jardunaldian parte hartuko du. Mahai-ingurua izango da, Iberdrolako OPS Proiektuen Garapeneko arduradun Pedro Otazuak moderatua, eta bertan parte hartuko dute, baita ere, Siemens Gamesa Renewable Energy-eko Jasangarritasun buru Maximilian Schnippering-ek; Stillstrom-eko Itsas Energia Eolikoko Negozioen garapeneko buru Mikael Hougs-ek; eta Europako Onshore power supply Elkarteko presidente Roland Teixeira de Mattos-ek.
Bilboko Portuko bisitak
WindEurope ekitaldiarekin batera, Bilbaok eolikoen instalazioak eta trafikorako duen egokitasuna ezagutzeko interesa duten hainbat talderen bisita izango du portuak. Martxoaren 18an, Eskoziako, Galesko eta Brasileko enpresen eta erakundeen ordezkaritza bana bisitatuko dute portuan. Basquetradek antolatutako bisita honetan, gainera, Wind Energy Basque Country eta BiMEP – olatuen energia-bihurgailuak eta plataforma eoliko flotatzaileak erakusteko eta baliozkotzeko sarerako konexioa duen itsaso zabaleko saiakuntza-eremua – aurkeztuko dira.
Martxoaren 19an “WindEurope Ports Platform” bilera hartuko du. Sektore eolikoan diharduten portuetako lantaldea da, eta Bilbo ere talde horretako kide da. Bilera horretan Europako hamabi portuk hartuko dute parte, Bilbokoarekin batera.
Egun horretan bertan, WindEuropek eta Enpresa Eolikoen Elkarteak nazioarteko prentsa espezializatuarekin bilera bat antolatu zuten Bilboko Portuan. Bilera horretan, Portuko Agintaritzako Eragiketetako, Merkataritza, Logistika eta Estrategiako zuzendari Andima Ormaetxek; WindEuropeko Prentsa eta Komunikazioko arduradun Christoph Zipf-ek; Enpresa Eolikoen Elkarteko (AEE) CEO Juan Virgilio Márquez-ek; eta Basque Energy Clustereko CEO José Ignacio Hormaechek hartuko dute parte.
Martxoaren 21ean, Loirerriko ordezkaritza baten txanda izango da. CCI France Espagne Frantziako eta Espainiako Merkataritza Ganberak antolatu du, eta Bilboko Portua eta eolikoen trafikorako dituen azpiegiturak ezagutzera hurbilduko dira.
Bilbao, eolikoen hub
Bilboko Portuko hinterland-aren ezaugarri nagusia da energia eolikoarekin lotutako enpresa asko daudela, haien balio-kate osoko zerbitzu-ekoizleak eta -hornitzaileak barne. Berrikuntza-ahalegin handiak, teknologia eolikoaren garapenak eta EAEko sektore eolikoaren esperientziak munduko erreferentzia nagusietako bat bihurtu dute arlo eolikoaren garapenean.
Halaber, Bilbao energia eolikorako osagai-fabrikatzaile nagusien esportazio- eta ekoizpen-portua da, eta salgai-mota horien garraiorako eta logistikarako beharrezko gaitasunak ditu.
Bilboko Portuak energia eolikoa eta deskarbonizazioa bultzatzeko proiektuak ere errazten ditu. Berrienen artean dago 17 metroko altuerako bi xurgatze-bela instalatzea – orain arte eraiki eta instalatu diren handienak – Amasus Shipping-en jabetzako kargaontzi orokor batean. Wind propulsion sektoreko Bound4blue enpresak egin du jarduera hori, Sails for Cargo proiektuaren esparruan, Bilboko Portuetako 4.0 Portuen Funtsak kofinantzatua, eta Portuko Agintzaren Bilbao Portlab berrikuntza hubaren laguntza izan duena.
Europako Gutun Eolikoa
Bilboko Portuko Agintaritza Europako Gutun Eolikoari atxiki zitzaion 2023ko abenduan. Hala, Europako Batzordeko ordezkariekin, EBko energia-ministroekin eta energia eolikoaren sektoreko 300 enpresa baino gehiagorekin, Europako energia eolikoaren sektorea indartzeko konpromisoa berretsi zuen.
Gutunaren sinatzaile gisa, Portuko Agintaritza lankidetzan aritzen da atxikitako erakunde eta enpresekin, Europako ekosistema industrial eolikorako baldintza egokiak hobetzeko eta haren ekintzak Europako Batzordearen, estatu kideen eta sektore eolikoaren ekintzekin lerrokatzeko eta ezartzeko. Hala, portuko bezeroei trantsizio energetikoaren ondoriozko inpaktuei aurre egiteko eta Bilboko Portuan jarduera estrategiko hori bultzatzeko konpromisoa hartzen du.