Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak argi berdea eman dio Adifen Zaragozako eta Nonduermasko (Murtzia) terminalen elkarte ustiatzaileen erakundeetan parte hartzeari, Estatuko Portuen erakunde publikoak horren aldeko txostena egin baitu.
Bilboko Portuko Agintaritza jardueraren eragin-eremuan (hinterland-a) sartzeko eta hango nodo logistiko guztietan ezartzeko estrategiaren barruan sartzen da eragiketa, eta logistika- eta tren-kontzesionario eta -operadore jakin batzuekin lankidetzan aritzeko eredu baten alde egiten du.
Adifek lehiaketa publiko bidez esleitu zuen Plaza de Zaragoza industrialdean duen terminal intermodalaren ustiaketa —zerbitzu intermodalen kudeaketa, merkaturatzea eta trenbide-merkantzien garraioaren logistika ditu ardatz—, aurtengo uztailean, Noatum Ports Grupo Logístico Sesé-k eta Logitren Ferroviaria-k —gerora Noatum Rail Terminal Zaragoza SL izeneko sozietate gisa eratua— osatzen duten partzuergoak proposatuta, eta konpromisoa hartu zen Valentziako eta Bilboko Portuko Agintaritzak sartzeko, portu-erakunde horiek eskatzen dituzten izapide administratiboak egindakoan. Bi portuek % 10eko partaidetza izango dute.
Bestalde, Adifek Nonduermasko Logistikako Trenbide Zerbitzua (Murtzia) MacAndrews-ek eta Continental Rail-ek egindako proposamenari esleitu zion (gerora, Murtziako Transportes Fuentes enpresak bat egin zuen partzuergo horrekin). Proposamen hori, azkenean, Reefer Terminal AIE (“agrupación de interes económico”, interes ekonomikoko elkartea) izenaz eratu zen. Bilboko Portuko Agintaritzak % 10eko partaidetza du han ere, eta, kasu honetan, hau da helburu estrategikoa: Espainiako Levanteko barazki eta fruten hozkailu-edukiontzien bidezko tren-garraioa erakartzea, ondoren Europako iparraldera itsasoz bidaltzeko.