Bilboko Portuan egin da, gaur, Espainiako Itsasoko Lanari buruzko Hitzarmenaren aplikazioaren gaineko IV. hirutariko jardunaldia. Inaugurazio-ekitaldian izan dira Asier Atutxa, Bilboko Portuko Agintaritzaren presidentea; María Jesús San José, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justiziako sailburua, eta Joaquín Nieto, LANEren Espainiarako bulegoko zuzendaria.
Itsasoko Lanari buruzko Hitzarmena (MLC, ingelesez) Lanaren Nazioarteko Erakundearen nazioarteko arau bat da, 2006an onartua eta 2013ko abuztuaren 20an indarrean sartua.
“Marinelen eskubideen gutuna” deitzen zaion hitzarmen horren helburu nagusiak hauek dira: mundu osoan bermatzea lehenbiziko sektore egiazki globala diren itsasoko langileen eskubideen babes zabala, eta hitzarmena sinatu duten herrialdeetako banderak erabiltzen dituzten kalitateko armadoreei konkurrentzia leialeko baldintzak bermatzea, arauak betetzen ez dituzten ontzien konkurrentzia desleialetik babestuz.
Hitzarmen hori du “laugarren zutabe” itsasoko garraio kalitatekoa bermatzen duen nazioarteko araudiak, eta Nazioarteko Itsas Erakundearen (NIE) funtsezko itunen osagarria da. MLCk tresna bakar batean biltzen ditu lan-baldintza duinak izateko marinelen lan- eta bizitza-arlo gehienetako eskubideak; besteak beste hauek: gutxieneko adina, lan-hitzarmenak, atseden-orduak, soldata-ordainketa, ordaindutako urteroko oporrak, kontratua amaitzean aberriratzea, arreta medikoa ontzian bertan, kontratazio- eta enplegu-zerbitzu pribatu baimenduak erabiltzea; ostatua, mantenua eta otorduak; segurtasunaren eta osasunaren babesa, istripuen prebentzioa eta marinelen kexak izapidetzeko prozedurak.
Horrez gain, baditu arauak betearazteko eta gauzatzeko zenbait erabaki berri eta garrantzitsu ere, guztiak ere banderen estatuen ikuskapenean eta portuak dituzten estatuen kontrolean oinarrituak. Hitzarmenak agintzen duenez, 550 tonako edo hortik gorako tonaje gordina duten ontzi komertzialek bi dokumentu espezifiko hauek eraman behar dituzte, nazioarteko bidaiak egiten ari badira: Itsasoko Lanaren Egiaztagiria (ILE) eta
Itsasoko Lanaren gaineko Adostasun Adierazpena (ILAA), zeinek lehen begiratuan (prima facie) frogatu behar baitute ontziek betetzen dituztela Hitzarmenaren baldintzak. Bi dokumentu horiek begiratu egiten dira ontziak Hitzarmena sinatu duten beste herrialde batzuetako portuetara sartzean. Bestalde, Hitzarmena sinatua ez duten herrialdeetako banderak daramatzaten ontziak ere ikuskatu egingo dira, marinelen lan- eta bizi-baldintzei dagokienez, Hitzarmena indarrean den herrialdeetako portuetara sartzen direnean. Garrantzitsua da “Faborezko tratu gehiagorik ez” ikuspegi hori konkurrentzia desleiala saihesteko.
LANEren kide diren 82 estatuk sinatu dute jada Hitzarmena, hau da, mundu osoko merkataritza-flotaren tonaje gordineko marinelen % 90en baino gehiagoren baldintzak arautzen dituztenek. LANEren aurreko hitzarmenekin alderatuta, hau du oraingoak berrikuntza nabarmenetako bat: berretsi egiten du marinelek ontzian daudela lan- eta bizitza-baldintza egokiak izateko eskubidea, eta MLCren Hirutariko Batzorde Berezi baten sorrera (2006), Hitzarmenaren aplikazioa etengabe azter dezan.
Hitzarmena indarrean sartu zenetik (2013), urtero antolatzen da Espainian hirutariko topaketa bat, haren aplikazioan izan diren aurrerapenak eta arazoak elkarri azaltzeko eta elkarrekin jarduteko egon daitezkeen eremuak aztertzeko.