Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren energia-agentziak, Remolcadores Ibaizabal eta Naviera Murueta enpresek partaidetutako ITSAS GAS sozietateak ontzi batetik bestera Gas Natural Likidotua transferitzeko egiten den lehen proba gauzatu du Bilboko portuan, proba pilotu batean. Lehen aldia da GNL bunkeringa esaten zaionaren eragiketa hori Arku Atlantiko osoan egiten dena, eta egundoko aurrerapausoa ekarriko du ontzi-sektorean energia-hornidura garbiagoa izateko eta petrolioaren deribatuen gehiegizko mendetasuna arintzeko bidean.
Energiaren Euskal Erakundeko presidente eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantza Tapia andreak, EEEko zuzendari nagusi eta ITSAS GAS sozietateko presidente Iñigo Ansola jaunak eta Bilboko Portu Agintaritzako presidente Asier Atutxa jaunak parte hartu dute aurkezpen ekitaldian. Tapiaren esanetan, ontziak hornitzeko zerbitzu berriari esker, “Europan erreferentzia gisa kokatuko gara itsas garraio iraunkorraren alorrean”, euskal portuak gasa hartzeko erreferentziazko bide gisa kokatuz.
GNLen 90 m3 inguru bideratzeko proba pilotu hau, birmoldatutako Oizmendi ontzitik Bilboko portuan amarratuta dagoen iragaitzazko zementu-ontzi batera —Molgas merkaturatze-enpresaren bezeroa eta GNL bidezko Bunkering eragiketan esperientzia handia duena— egin da erregai-karga. Horrela, gas-hornidurako zerbitzu berri bati hasiera eman zaio gas naturalarekin diharduten ontzientzat, Europako portuetan erregaia hartzeko guneen sarea eskasa dela kontuan hartuta.
Gauzak horrela, itsas eremuan GNL ezartzeko hiru proiekturen buruan dago Euskadi. Europako Batzordearen funtsak jasoko dituzte, Core LNGas Hive proiektuaren bitartez. Zehazki, Bruselak 4,85 milioi euro jarriko ditu ITSAS GAS sozietateak eta haren bazkideek teknologia berrien ezarpenean hasiera batean inbertitutako 9,7 milioietatik. Proiektu horrek honako hiru mugarri hauek dauzka:
- Bahía de Bizkaia Gas birgasifikazio-instalazioaren pantalana egokitzea, ontzi txikiek instalazio horietatik gas likidotua kargatzeko aukera izan dezaten (dagoeneko burutu da).
- GNL hornitzeko ontzia martxan jartzea. Ontzi batetik bestera kargatuko du erregaia portuan eta kanpoaldean, eta gaurtik aurrera egongo da indarrean.
- Azkenik, gas natural bidezko atoiontzi bat egin eta abian jartzeko proiektua, Ibaizabal Finantza Taldea buruan duena. Ingeniaritza-prozesuan dago une honetan, eta atoiontzia egiteko lanak 2018an hasiko dira.
GNL hornitzeko ontzia
Oizmendi ontzia, lehen Monte Arucas izena zeramana, goitik behera eraldatu behar izan da, ohiko fuel-oil deposituekin batera bi GNL (gas naturala, -161 gradu zentigraduan hoztu dena bolumena 600 aldiz murriztu eta logistika errazteko) tanga handi hartzeko.
Erregai hori gero eta gehiago erabiltzen da itsas eremuan, petrolioaren deribatuen ekonomia- eta ingurumen-alternatiba delako. Lanak zazpi hilabetez egin dira Murueta ontziolan (Bunkering ontzi konbentzional bat GNL-ontzi eraldatzen lehen ontziola), eta, besteak beste, 300 m3-ko bi tanga jarri behar izan dituzte ontziak hornitzeko gasa biltegiratzeko. ITSAS GAS sozietateak 5,5 milioi euroko inbertsioa egin du eraldaketa horretan.