Shangaira joko du Bilboko Portuko Agintaritzaren ordezkaritza batek, Asiako garraio-eta logistika-alorretako ekitaldi garrantzitsuenetako batera —Transport Logistic azoka (227 standa, 2 halla)—. Maiatzaren 16tik 18ra egingo da azoka. Bilboko portuaren hamabi merkatu nagusien artean dago Txina, trafiko osoari dagokionez, eta bigarrena da, Erresuma Batuaren atzetik, kontainerretako trafikoan. Trafikoaren % 71 era guztietako merkantzien inportazioa da, eta % 29, esportazioa. Portu nagusiak Shanghai, Ningbo eta Tianjinxingang dira.
Europako Atlantikoko iparraldeko ibilbidearen sarreran dago Bilbo. Kokapen geografiko bikain horren berri emango dute portuko ordezkariek, eta Asia eta Europaren arteko lotune aparta dela azpimarratuko, bai lurreko eragin-eremurako bai Europa atlantikorako. Jarduera anitzetarako portua da Bilbokoa, esperientzia handikoa, eta era guztietako kargetarako terminalak ditu: lehengaiak, produktu amaituak, pieza handiak, produktu galkorrak eta izoztuak… Halaber, trafiko berriak garatzeko ahalmena du. Hori dela eta, alternatiba egokia da armadoreentzat, Europako beste portu batzuetan tarteka izaten diren ontzi-pilaketak saihesteko.
Asiako merkaturako azpiegitura interesgarrienetako bat, berriz, kontainer-terminala da: Iberiar Penintsulako sakonera handienekoa da (21 metro), eta Noatum Container Terminalek kudeatzen du. Berrikitan, Txinako Cosco ontzi-konpainia, munduko laugarrena, enpresa horretako akziodun egin da.
Coscoren etorreraren ondoren, terminalak maximizatu egin nahi ditu bere baliabideak, 12.000 TEUrainoko kontainer-ontziekin jardun ahal izateko. 1.155 m luze da terminalaren atrakatze-lerroa, eta 21 m-ko sakonera du. Bi Super Post-Panamax kai-garabi ditu, ezin erakargarriagoak direnak —sakonera handiarekin batera— ozeanoa zeharkatzen duten ontzientzat.
Noatum Ports taldekoa da Noatum Container Terminal Bilbao, eta Bilboko portuko kontainer-terminalaren esleipenduna. Iragan azaroan inauguratu zuen kamioien sarrera automatizaturako
sistema berria, zeinari esker eraginkorragoa baita kontainerrak hartzeko eta entregatzeko prozedura eta nabarmen murrizten baitira (% 45eraino) kamioien itxarote-epeak; horrez gain, prozesuaren erabateko kontrola bermatzen du, bai eta eragiketen erregistroa denbora errealean egingo dela ere.
Gainera, instalazio berriari esker, tren-terminala handitzeko erabiliko dira lehen ateak zeuden eremuak; zehazki, 450 metroko lau bideetakoak. Beste 100 metro luze izango dituzte bide horiek, non, hedapena amaitzean, 550 metrorainoko trenak ibili ahalko diren.