Bilboko Portuko Agintaritzaren 2023-2026 Plan Estrategikoak bost lan-ardatzen artean ezartzen du oreka ekonomiko-finantzarioaren mantentze-lana bermatzea, portuko azpiegitura garatzen jarraitzeko eta Portuari zerbitzu berriak emateko. Alde horretatik, eta Planaren indarraldiaren erdian egindako analisiaren arabera, betetze-maila handia dago helburuei dagokienez.
Alde batetik, 2024an negozio-zifra 76,7 milioikoa izan da; 2023an, berriz, 68,7koa, hau da, % +11,60ko hazkundea izan da. Europako Inbertsio Bankuarekin duen zorra 35,6 milioikoa da, eta diruzaintzako saldoak 67,8 milioikoak dira. Sortutako baliabideak (EBITDA) 37,4 milioikoak dira. Ildo horretan, 80 milioi eurorainoko mailegu berdea sinatu da Europako Inbertsio Banku-Klimaren Bankuarekin, eta Europako Batzordearen programa lehiakorretan onartutako 33 milioi dirulaguntza daude, trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa bultzatzeko.
Aurrekoarekin bat etorriz, erakundearen egoera ekonomiko-finantzarioak aukera emango du inbertsio garrantzitsuak bultzatzen jarraitzeko, lehen aipatuak, trantsizio energetikoaren, oinarrizko azpiegituraren, intermodalitatearen, digitalizazioaren, berrikuntzaren eta portu-hiriaren arloetan. Horien artean, OPS (kaien elektrifikazioa) ezartzea. Ekimen horren lehenengo faseak, jada martxan dagoenak, 4,3 milioiko dirulaguntza du Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik. Bigarren fasea, gaur egun lizitazioan dagoena, zati batean “Europa Konektatzen’” Mekanismoak (CEF Funtsak) eta aipatutako maileguaren zati batek finantzatzen dute, Europako Inbertsio Bankuarekin (EIB) sinatuta.
Beste jarduera aipagarri bat Kai-mutur Nagusiaren bigarren fasea da. Lanak 2027an amaituko dira. 1.011 m-ko atrakatze-lerro berria sortuko da, eta 310.000 m2 inguruko azalera, jarduera eta enplegua sortuko duten proiektu berriak hartzeko. Hala, neurri batean arinduko da portuko lurzoruaren okupazio handia, zeina % 97ra iritsiko baita 2025ean, konprometitutako azalerak kontuan hartuta.

Halaber, enpresen lehiakortasuna bultzatzeko, Bilboko Portuko Agintaritzak bezeroei aplikatutako prezioak berrikusi gabe jarraituko du. Beraz, 2019-2024 aldian gertatu den bezala, portuko tasak ez dira aldatuko, portuko tasak ez dira aldatuko inflazio orokor metatua izan arren.
Era berean, Portuko Agintaritzak % 50eko deskontuak aplikatzen dizkie ikatz-gabetzea bultzatzen aitzindari diren ontziei, propultsiorako erregai alternatiboak (GNL eta ontzi hibridoak) edo portuan emisio gutxiko teknologiak erabiliz.
2024an, 32,1 milioi euroko inbertsioa egin zen guztira, planifikatutakoa baino gutxiago, programatutako obra batzuk atzeratu egin baitziren administrazio-kontuengatik. Ministroen Kontseiluak maiatzean onartu zuen Kai Mutur Nagusiaren bigarren fasearen lizitazioa egiteko baimena; azaroan, kaien elektrifikazioa baimendu zuen; eta abenduan, plaka fotovoltaikoak jartzea. Argi berde hori jaso ondoren, hiru proiektu estrategiko horien lizitazioari ekin zitzaion. Hasiera batean 2025erako aurreikusitako inbertsioa 70,29 milioi eurokoa da.