e-puertobilbaok dokumentu-trukea eta komunikazioak hobetzen ditu portuko komunitatearen eta bere bezeroen zerbitzura dagoen portu bizkorrago baterako
Bilboko Portuko Agintaritzak e-puertobilbao plataforma telematikoaren hogeigarren urteurrena ospatu du. Tresna digital hau Bilboko Portuak bere portu-komunitate osoaren zerbitzura jartzen du, portu-barrutian garraiatzen diren salgaiak eta ontziak kudeatzeko, arintasun, segurtasun eta trazabilitate handiagoa lortzeko eta, hala, portuaren eta han lan egiten duten enpresen lehiakortasuna bultzatzeko.
Bilboko Portuko Agintaritzako Eraldaketa Digitaleko Saileko buru Txaber Goiriren esku-hartzearekin hasi da ekitaldia, zeinek e-puertobilbaoren garapenaren nondik norakoak azaldu dituen. “Hasieran zerbitzu bat eta 30 enpresa konektatuak izatetik erreferentzia izatera pasatu da gure bezeroentzat, zerbitzu-kopuruak gora egin ahala. Gaur egun hogei zerbitzu ditugu, eta 800 bat enpresak erabiltzen dituzte”, adierazi du.
Tresna hori erabiliz, bezero-komunitate bat osatu da, datu-truke elektronikoan oinarrituta lan egiten duena, formatu edo mezu elektroniko normalizatuak erabiliz. “Horrek abantailak dakartza prozesuak sinplifikatzeko, azkartasuna, informazioaren irisgarritasuna eta eskuragarritasuna, eta itxarote-denborak murrizteko, lan-ingurune gardenagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa lortzeko”, adierazi du.
Jarraian, Macarena Estévez Muñoz matematikari eta analisiaren, neurketaren eta adimen artifizialaren arloetan ekintzaileak hartu du hitza, eta, solasaldi labur baten ondoren, Bilboko Portuko Agintaritzako presidente Ricardo Barkalak jardunaldia itxi du. Bere hitzaldian, “Portuko Agintaritzak berrikuntzaren eta digitalizazioaren alde egiten duen etengabeko ahalegina” nabarmendu nahi izan du, e-puertobilbao gure plataformak ezin hobeto erakusten duen apustua”. Era berean, nabarmendu du beharrezkoa dela “aurrera egiten jarraitzea eta etorkizunera begiratzea, duela hogei urte sortu zen etengabeko hobekuntzaren espirituari eutsiz, logistika-kate osorako irtenbide eta zerbitzu digital berriak sortuz, Bilboko Portuan lan egiten duten enpresen jarduna errazteko etengabeko ahaleginean”.
“Portuko komunitate logistikoaren aliatuak garenez -amaitu du-, erabateko konpromisoa dugu egunero hobetzeko, berritzen jarraitzeko, gure enpresak entzuteko eta Bilboko Portua gure industriaren, gure enpresen eta gure gizartearen zerbitzura portu lehiakor eta jasangarri bihurtzeko”.
e-puertobilbao plataformari buruz
Bilboko Portuko itsasoko eta portuko sektorearen lehiakortasun-posizionamendua hobetzeko bere estrategiaren barruan, Portuko Agintaritzak e-puertobilbao merkataritza elektronikoko plataforma jartzen du portuko komunitatearen eskura, komunikazioak optimizatzeko eta enpresen arteko interakzioa errazteko. Hala, prozesuak eta koordinazioa hobetzen laguntzen du, berrikuntzaren eta etengabeko hobekuntzaren bidez.
e-puertobilbao plataforma arautzen duten printzipioak honako hauek dira: sinplifikazioa, erabiltzaile guztientzat komunikazio-interfaze bakarra aurkeztuta; informazioa berrerabiltzea, datuak behin bakarrik bidaltzeko aukera emanez, eta, gero, berrerabili, eguneratu edo osatu ahal izatea; uniformetasuna, nazioarteko estandarretan oinarrituta; automatizazio elektronikoa, komunikazio guztia ‘paperik gabe’ izanik, eta, beraz, bizkorra, fidagarria eta une oro eskuragarri; eta gardentasuna, trazabilitatea eta transakzioen kontrola bermatuz. Halaber, e-puertobilbao plataformak bermatzen du erabiltzaileek plataforman sartzen duten informazioaren babesa eta konfidentzialtasuna, bai eta informazio horren osotasuna eta erabilgarritasuna ere.
Gaur egun, e-puertobilbao plataformak honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu: Itsasontziak sartzeko eta ateratzeko kudeaketa-zerbitzu integratua – PIDE; Portuko merkantzia arriskutsuen sarrera eta irteera kudeatzeko zerbitzua; Mugako Ikuskapen Postuan (MIP), Aduana-errekonozimendurako zentro integralean (CIRA) edo Eskanerrean edukiontzien kokapena koordinatzeko zerbitzua; Adierazpen sumarioak eta agiriak kudeatzeko zerbitzua; Sarrerako aurreabisuen kudeaketa; Esportazio-kargei buruzko zerrenden zerbitzua; Entregatze-/onartze-zerbitzua; Sarrera Aitorpen Laburra (ENS) eta Irteera Aitorpen Laburra (EXS) kudeatzeko zerbitzua; Pisu egiaztatua (VGM) jakinarazteko zerbitzua; Zamaketa-jarraibideak eta itsas booking-aren zerbitzua; Aldi baterako gordailuaren deklarazio laburra (DSDT) aurkeztean datuak gurutzatzea DSDTaren partiden datatze-datuekin; Salgaiaren datatuen egoeraren kontsulta itsasontzira kargatu aurretik
Gainera, erabiltzaile-mota bakoitzerako berariaz diseinatutako zerbitzuak ditu (zamaketariak, kontsignatarioak eta ontzi-enpresak, terminalak eta zamaketa-enpresak, garraio-kudeatzaileak eta aduana-agenteak, ibilgailu eta trenbide garraiolariak), bai eta Brexitaren ondoren araudi berriak aplikatzeagatik Ro-Ro trafikorako inportazio- / esportazio-prozesuari laguntzeko berariaz sortutako zerbitzu batzuk ere.