Jarduera ugari antolatu ditugu Kai Jairako, guztiak ere doakoak eta batez ere haurrentzat eta haien familientzat pentsatuak
Doako parke tematiko bihurtuko dugu Bilboko portuaren Getxoko gurutzaontzien terminala datorren igandean, hilak 22. Aukera ederra bisitariek portuko eguneroko jardueren berri izan dezaten, patxadaz eta festa-giroan.
Hirugarren urtea da Kai Jaia edo Portuaren Eguna antolatzen dena, portuko langileen eta enpresen festa handia, alegia, non herritar guztiei zabaltzen dizkieten “etxeko” ateak Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak antolatzen du, eta jarduera ugari izan ohi ditu, batez ere 0-12 urte bitarteko haurrentzat eta haien familientzat. Besteak beste, erreskate-simulazio batzuk egingo dira, helikoptero bat eta polizia-txakurrak ere tartean direla. Hainbat joko ere egongo da (bola-putzua, puzgarriak, hutsera jauzi egiteko puzgarri extrem bat, kulunkak, makillajea, eta abar); hiru antzerki-ikuskizun, Bilboko portuaz zenbait gauza ikasi bitartean ondo pasatzeko; giza-anezka bat; gymkhana bat; photocall bat, non argazki bat doan egiteko eta oroigarri gisara eramateko aukera egongo den, eta portu txiki bat. Portuak nolakoak diren eta zer lanbide dituzten erakutsiko da portu txikian, modu interaktiboan; hori dela eta, zenbait lan egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek: zamaketari, ontzi-amarratzaile, atoiontzi-gidari, portuko gidari, itsas korapilogile… Ontzi-mota desberdinak bereizten ikasteko aukera ere izango dute bisitariek, eta txalupan paseotxo bat egitekoa ere, putzu puzgarri batean.
Kai Jaia gurutzaontzien terminalean egingo denez, portuko zerbitzuetako ontziak ikusteko aukera ere egongo da.
Sarreran, “pasaporte” bana emango zaie bisitariei. Jardueretan parte hartu ahala, zigiluak jarriko dira pasaporteetan; ibilaldiaren amaieran, sari bat emango zaie lauki guztiak bete dituztenei. Guztira, 1.500 sari daude banatzeko.
Goizeko 10:30etik arratsaldeko 14:30era arte iraungo dute jarduerek. Txosna bat ere jarriko da festa-eremuan, taloak egin eta banatzeko. Doako anezka-autobus bat ere izango dute bisitariek: ordu-erdiz behin, Neguriko metro-geltokitik eta zubi esekitik Getxoko gurutzaontzien Olatu terminalera joango da autobusa. Aparkalekua ere doan izango da.
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioaren helburua hau da: arlo soziokulturalerako eta aisialdirako interes orokorreko planak eta ekintzak sustatzea eta garatzea, haien bidez hobeto ezagutzeko Bilboko Portuak eta Bilboko itsasadarrak gaur egun eta historian zehar izan duten garrantzia, itsasertzeko udalerrien garapen ekonomikoari eta sozialean eta haien integrazioari dagokienez. Bilboko Portuko Agintaritzaren eta ibaiertzeko bederatzi udalerrietako ordezkariek osatzen dute (Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena), eta portu-jarduerari lotutako hogei bat enpresa eta erakunderen laguntza du.