Ziurtagiri horrek egiaztatzen du erakundeak lan-giroaren jasangarritasuna eta langileen segurtasuna, osasuna eta ongizatea sustatzeko eta babesteko kudeaketa-sistema bat aplikatzen duela.
2014an hasi eta zenbait aintzatespen jaso dituen programa baten emaitza da.
AENOR Estatuko erreferentziazko ziurtatze-erakundeak ematen duen Enpresa Osasuntsuaren ziurtagiria lortu du Bilboko Portuko Agintaritzak. Ziurtagiri horrek egiaztatzen du erakundeak kudeaketa-sistema bat ezarri duela lan-giroaren jasangarritasuna eta langileen segurtasuna, osasuna eta ongizatea sustatzeko eta babesteko.
Horrenbestez, ziurtagiri hori eskuratzen duen lehenengo portu-agintaritza izango da Bilboko Portukoa. Gainera, Portuko Agintaritzak dagoeneko badu lantokian osasuna sustatzeko jardunbide egokiak dituela aintzatesten duen diploma bat, Laneko Segurtasun eta Higienearen Institutu Nazionalak (INSHT) emana, eta bi ziurtagiri horiek —AENORen ziurtagiria eta INSHTren diploma— dituen EAEko lehen enpresa eta estatuko laugarrena da.
AENORek bere ziurtagiria emateko, egiaztatu du Bilboko Portuko Agintaritzak AENORen Enpresa Osasuntsuaren Ereduaren eskakizunak betetzen dituela. Eredu hori nazioartean onartutako irizpideetan oinarrituta dago eta Planifikatu-Egin-Egiaztatu-Ekin (PEEE) izenez ezagutzen den etengabeko hobekuntzaren metodologian. Metodologia horren arabera, erabateko ongizate fisikoa, mentala eta soziala da osasuna.
Munduan aitzindari den eredu horren abantaila nagusia da langile guztien osasuna, segurtasuna eta ongizatea modu jasangarri batean kudeatzea errazten duela. Gainera, enpresen produktibitatea, lehiakortasuna eta jasangarritasuna handitzen laguntzen du.
Bilboko Portuko Agintaritzaren izenean, haren lehendakari Asier Atutxak jaso du ziurtagiria, EAEko AENOReko zuzendari Luz Emparanzaren eskutik.
AENORek 2013an eman zituen Enpresa Osasungarriaren lehenengo ziurtagiriak, eta harrezkero, 45 erakundek —hainbat tamaina eta jarduera-sektoretakoak— lortu dute aintzatespen hori.
Bilboko Portuko Agintaritzari eta Portu Osasuntsuari buruz
Bilboko Portu Agintaritzak Portu Osasuntsua-Puerto Saludable programaren bidez lortu du AENORen ziurtagiria. 2014an jarri zuen martxan programa hori helburu honekin: bertako 270 langileek erabateko ongizate fisiko, mental eta soziokulturala izatea babesten, sustatzen eta laguntzen duen lan-ingurune bat lortzea. Bilboko Portuko Agintaritza osatzen duten lagun guztiek esku hartzen dute proiektu horretan, eta Prebentzioaren eta Giza Baliabideen sailen arteko lankidetza estuan oinarrituta dago.
Askotariko jarduerak, kanpainak, programak eta estrategiak antolatzen dira Portu Osasuntsuaren barruan —hor sartzen da Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Paziente Bizia programan berriki izan dugun parte-hartzea—, eta guztiak erakundean
aurkitutako gabeziak konpontzeko edo langileek berek eskatutako alderdiak hobetzeko diseinatu dira. Lau lan-ibilbidetan jasota daude jarduera horiek guztiak: laneko ingurune fisikoa; haren ingurune psikosoziala; enpresaren parte-hartzea komunitatean (erantzukizun sozial korporatiboa); eta osasuneko baliabide pertsonalak lan-eremuan.
Urte hauetan, zenbait aintzatespen jaso ditu Bilboko Portuko Agintaritzak lan horregatik; esaterako, Gosasun Zigiluaren hirugarren maila eskuratu du, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatzen duen sari horretako aintzatespen gorena. Gainera, Enpresa Osasuntsuaren II. Sariek, arlo honetako Espainiako ospetsuenek —PSYAk, ORH Giza Baliabideen Behatokiak eta eSaludablek antolatuak— aipamen berezia egin diote, “Osasunaren kontrolerako programa onena” dela iritzita.
Horrez gainera, lantokian osasuna sustatzeko jardunbide egokiak dituela aintzatesten duen diploma bat jaso duen Euskadiko lehenengo enpresa izan da, “Enpresa Osasuntsuen Espainiako Sarearen I. Topaketa: langileen osasunaren 360°-ko ikuspegi bat”, topaketan, zeina Laneko Segurtasun eta Higienearen Institutu Nazionalak (INSHT) antolatu baitzuen.
AENORen ziurtagiria lortuta, Bilboko Portuko Agintaritzaren helburua bere langileen artean osasuna sustatzearen alde egiten jarraitzea da, proiektu berritzaileak bultzatuz eta, aldi berean, sektoreko beste enpresa batzuk animatuz antzeko programak egin ditzaten.
AENORi buruz
AENORek, ziurtagirien bidez eta adostasunaren ebaluazioaren bidez, enpresen eta haien produktu eta zerbitzuen kalitatea eta lehiakortasuna hobetzen laguntzen du.
Espainiako ziurtatze-erakunde liderra da AENOR, bere aintzatespenak baitira gehien baloratzen direnak eta munduko hamar ziurtatze-enpresa nagusietako bat baita. Gaur egun, 70.000 bat lantokik dute haren ziurtagiriren bat, eta alor hauetan laguntzen die erakundeei: kalitatea, ingurumen-kudeaketa, berrikuntza, laneko segurtasuna edo erantzukizun soziala.
AENOR erakunde globala da, eta dagoeneko 70 herrialdetan dihardu ziurtatze-, trebakuntza-, ikuskatze-, analisi- eta baliozkotze-jarduerak eta emisioak murrizteko proiektuak egiaztatzeko jarduerak egiten, enpresei hedatzen laguntzen. 20 egoitza ditu Espainian.