Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Paziente Bizia programa bere langileen artean martxan jartzen duen lehenengo enpresa da Bilboko Portuko Agintaritza.
Hau da Paziente Bizia programaren helburu nagusia: gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak eta haien zaintzaileak gaitzea gaixotasuna ezagut dezaten, eta osasun-egoera hobetzen lagunduko dieten ohitura eta jarrera baliagarriak ikas ditzaten. Asmoa ez da osasun-profesionalen zeregina ordeztea, osatzea baizik.
Hala azaldu dute gaur goizean prentsaurrekoan Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakari Asier Atutxak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko sailburuorde Iñaki Berraondok.
Autozainketako hezkuntza-programa bat da, Stanfordeko Unibertsitatearen metodologian oinarritua, eta, 2014az geroztik, garatu egin du Osakidetzak metodologia propio bat sortzeko, gure inguruko beharretara egokituagoa; hala, zenbait tailer sortu dira, gaixotasun kronikoren bat dutenek edo gaixotasun kroniko bat duen pertsonaren baten zaintzaileek zuzenduak. Bi begiralek gidatzen dituzte talde guztiak. Begiraleetako bat gaixotasun kronikoa duen norbait da eta bestea osasun-profesional bat, baina ez da horrela aurkezten, begirale gisa baizik, gainerako taldeekiko berdintasuna ez apurtzeko. 8 eta 15 lagun bitarteko taldetan egingo dira tailerrak, astero.
Portuko Agintaritzak egin duen tailerrean, besteak beste gai hauetan trebatu diren langileek hartu dute parte (laster, erretiratutako langileentzako tailer espezifikoak ere egongo dira):
- Elikadura, dieta osasungarri baterako aholkuak.
- Ariketa fisikoa (nola egin modu osasungarrian).
- Komunikazioa, eremu guztiak barne hartuz: lanekoa, pertsonala, osasunekoa…
- Emozioen eta estresaren maneiua.
- Aurretiazko borondateen dokumentua.
- Atseden egoki baten garrantzia.
Paziente Bizia programa Osakidetzaren Osasun Eskola deritzon zerbitzuaren barruan dago, zeinak informazioa eta trebakuntza eskaintzen baitie pazienteei eta zaintzaileei, beren gaixotasuna kudeatzeko trebetasunak eskuratu ditzaten, hala, beren bizi-kalitatea hobetzeko eta beren osasunari eragiten dioten erabakietan parte hartzeko.
Gaur egun, bi tailer mota ematen dira: “Osasuna aktiboki zaintzen” eta “Diabetesa zaintzen”. Metodologia hori beste patologia batzuetara egokitzeko lanean dihardu Osakidetzak.
Portu Osasuntsua
2014an, Bilboko Portuko Agintaritza —gaur egun 270 langile ditu— Luxenburgoko Adierazpenari atxiki zitzaion; beraz, konpromisoa hartu zuen lanean, langileen osasunaren kudeaketan, osasuna sustatzeko oinarrizko printzipioak integratzeko, baita lan-arriskuen prebentzioaren arloan dituen obligazioak betetzeko ere.
Hala, urte hartan bertan, Portu Osasuntsua-Puerto Saludable programa jarri zuen martxan, bertako langileek erabateko ongizate fisiko, mental eta soziokulturala izatea babesten, sustatzen eta laguntzen duen lan-ingurune bat lortzeko.
Bilboko Portuko Agintaritza osatzen duten lagun guztiek esku hartzen dute proiektu horretan, eta Prebentzioaren eta Giza Baliabideen sailen arteko lankidetza estuan oinarrituta dago.
Askotariko jarduerak, kanpainak, programak eta estrategiak daude Portu Osasuntsuaren barruan —hor sartzen da Paziente Bizia programan parte hartzea—, eta guztiak erakundean aurkitutako gabeziak konpontzeko edo langileek berek eskatutako alderdiak hobetzeko diseinatu dira. OMEren definizioan oinarritutako lau lan-ibilbidetan jasota daude jarduera horiek guztiak: laneko ingurune fisikoa; haren ingurune psikosoziala; enpresaren parte-hartzea komunitatean (erantzukizun sozial korporatiboa); eta osasuneko baliabide pertsonalak lan-eremuan.
Urte hauetan, Bilboko Portuko Agintaritzak zenbait aintzatespen jaso ditu lan horregatik. Alde batetik, Gosasun Zigiluaren hirugarren maila eskuratu du, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatzen duen sari horretako aintzatespen gorena. Bestetik, Enpresa Osasuntsuaren II. Sariek, arlo honetako Espainiako ospetsuenek —PSYAk, ORH Giza Baliabideen Behatokiak eta eSaludablek antolatuak—, “Osasunaren kontrolerako programa onena” aipamen berezia egin diote.
Horrez gainera, lantokian osasuna sustatzeko jardunbide egokiak dituela aintzatesten duen diploma bat jaso duen Euskadiko lehenengo enpresa eta bakarra izan da, “Enpresa Osasuntsuen Espainiako Sarearen I. Topaketa: langileen osasunaren 360°-ko ikuspegi bat”, topaketan, zeina Laneko Segurtasun eta Higienearen Institutu Nazionalak (INSHT) antolatu baitu.
Azkenik, joan den otsailean, AENORen enpresa osasuntsuaren ereduko ziurtagiria lortu zuen Portu Osasuntsua proiektuak. Apirilean izango da haren entrega-ekitaldia, BPAren instalazioetan.